*Igandean, 17:00-tan (ETB 1 zuzenean)
Zesta-punta profesionalaren Liga Markina-Xemeingo “Uni” udal pilotalekura iritsiko da igande honetan. Bizi dugun aro berri honetan, Jai Alai League-an ardaztua dago kirol honen alde profesionala, Iparralde, Hegoalde eta Florida, pilotari onenak txapelketa onenetan batuta. Laister berritasun gehiago izango ditugu gainera. Urte osoko egutegia dozenaka Master Seriesek osatzen dute, baina 10 dira Slam kategoriago txapelketak. Horiek dira gaur egungo 10 handiak: Winterra, Iron Cup-a, Cesta All Star-a, Biscayne Cup-a, Urrezko Xistera, Donibaneko Nazioartekoak, Paueko Kopa, Donostiako Final Four-a eta Gernika eta Markina-Xemeingo Udako Grand Slamak.
10 hauen gainetik, profesionalki, ez dago ezer. Beraina da prestigioa eta Jai Alai munduko izen ona. 10 horien artean sartu nahian daude beste egoitza batzuk ere, baina Markina-Xemeingoak bere berezitasuna dauka. Tradizioaren marka. Tradizioa “zama” izan daiteke, eguneratzen jakiten ez bada. Baina zesta-puntaren egungo errealitatean txertatuta, “Uni-a” eta tradizioa, bereizgarri bihurtzen dira. 10 handi horietan, bere izaera propioa du Markina-Xemeinek.
* Txanika eta Salegi, onenekin jokatzeko aukera
Bihar, arratsaldeko 17:00tan irekiko ditu ateak Pilotaren Unibertsitateak baina horren bezperan, aurre-kanporaketa fasea jokatu da. Lehen jardunaldian kanpoan geratu ziren Goixerri, Oyhenard, Libois eta Del Rio. Eta atzoko finalean, Julen Basterra “Txanika” hondarribiarrak eta EƱaut Salegi markinarra nagusitu ziren, Javier Urrutia (Toledon jaiotako pilotaria) eta Ortzi Aldazabal “Argoitia”-ren aurka: 15-14, 15-9. Gauzak horrela, zesta-puntako izen handiekin jokatzeko aukera izango dute, eta Uni-an gainera, Txanikak eta Salegik. Ez dute erraz izango, Barandika-Ibarluzea eta Erkiaga-Atain bikoteen multzoan baitaude. Baina sorpresa ematen ahaleginduko dira.
* Igandetik aurrera, onenak Uni-an
Bihar arratsaldean hasi eta uztailaren 16ra, Karmen Egunera arteko jokatuko da aurtengo Gran Slama. Luxuzko kartela izango du, aipatutakoez gain, Urreisti-Gorka, Goitia-Basque eta Johan-Zabala bikoteak izango dira lehian. Sei jardunaldi guztira, zesta-puntaren tradizioaren gotorlekuan.
* Goitia vs Urreisti, Bilboko errebantxa Uni-an
Txapelketa goi-mailako partida batekin hasiko da. Bilboko Iron Cup-eko finalaren errebantxarekin. Alex Goitia markinarra eta Gorka Sorozabal biarriztarra nagusitu ziren Deportivon, Urreisti eta Basqueren aurka. Markinan, atzelariak aldatuta jokatuko dute. Urreisti, Ligako liderrak, Gorkarekin eta Goitiak, Thibault Basquerekin.
Partida handia, txapelketari ekiteko, baina jaialdiko lehena ere ez da txantxetakoa. Kantxetara itzuli berria den Barandika (Urrezko Gerrikoa darama soinean) eta Erkiaga aurrez aurre, bakoitza atzelari markinar batekin. Xabi, Ibarluzearekin, eta Aritz, Atainekin.
Ez dago gehiago eskatzerik. ETB 1-ek zuzenean emango du jaialdia, eta baita Karmen Eguneko final handia ere.





