Opens in a new tab

Winter Series finalerdiak: 3. jardunaldia ordu aldaketarekin dator

2026-01-19

Kargatzen

Ohi baino ordu eta laurden goizago hasiko da bihar, Winter Series txapelketako telebista emanaldia. Finalerdietako 3. jardunaldian, orain arteko bi galtzaileak izango ditugu, zein baino zein, elkarren kontra. Bigarren porrot batek (2-0 edo 2-1), hanka eta terdi txapelketatik kanpo utziko lioke bikote galtzaileari, baina oraindik bizirik. Ligaxkako azken partida irabazi eta gainerako emaitzen menpe egotea geratuko litzaieke bakarrik.

Bi bikoteak finalerditako lehen partida galtzetik datoz, bai, baina set bat eginda (puntu bana dute beraz) eta Urreisti eta Lopezen kasuan, tanto-average positiboarekin (+2). Bikote gipuzkoarrak VAR-aren afera ahaztu nahi du eta beraien akatsak zuzentzea izan behar dute helburu. Baita Johan eta Gorka Sorozabal anaiek ere. Maila honetan (Winterreko finalerdietan gaude), ezinbestekoa da huts gutxiago egitea, finalera iristea helburu baduzu. Guztiek ere, joko kualitate handiak dituzte baina kantxan segurtasuna erakustea da gako nagusietako bat, nagusiena ez bada. Akats kopurua nabarmen jeitsi behar dute bikote horiak eta laranjak, otsailaren 15-eko finalean izan nahi badute.

Gerta ala gerta, gauzak beste era batera ikusiko ditugu, astebeteko epean. Orain arte galtzaile izan den bikoteetako bat, 4 edo 5 punturekin jarriko zaigu markagailuan, bihar garaipena lortuta. Orain arte irabazle izan direnetan berriz, bietako bat (Goitia-Lekerika, Barandika-Basque), sailkapeneko hirugarren postura jaitsiko da, datorren astean galtzen duenean. Bikote berdeak eta moreak, elkarren kontra jokatuko dute urtarrilaren 26an.

Ordutegi aldaketa ETB-n

Ordutegiari dagokionez, astero harmailak betetzen dituzten ia bi mila zaleentzako ez dago aldaketarik, baina bai, partidak etxetik jarraitzen dituzten milaka eta milaka zale horientzat. San Sebastian bezpera izanik, Donostiako tanborradarekin bat egingo du ETB 1-ek eta Winterreko partida ez da ohiko ordutegian emitituko (22.15tan), gaueko 21:00tan hasita baizik.

Azpeitiko desafioa

Gernikan jokatu eta 24 ordura, Azpeitiako Izarraitzen ikusiko ditugu EƱaut Urreisti eta Imanol Lopez gipuzkoarrak. San Sebastian egunez, Winter Series desafioa antolatu dute bertan eta Erkiaga-Lekerika bikotea izango dute aurkari. Jaialdia 18:00tan hasiko da emakumeen partida honekin: Helena-Frida vs Maite-Maialen.

Hiru hamarkadaren ondoren, zesta-punta profeisonala arrakastaz itzuli zen Azpeitira, pasaden San Inaziotan. Orain, neguan beste jaialdi bat antolatzea erabaki dute, asteartean, San Sebastian egunez.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen