Opens in a new tab

Mutrikuk ere bere txapelketa ofiziala dauka!

2025-07-09

Mutriku Jai Alai League-ko egoitza ofizial bihurtu da eta lehen aldiz, Ligarako puntugarriak diren Master Seriesak jokatuko dira Miruaitzen, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorian. Zehazki, Liga profesionalera batzen den Gipuzkoako hirugarren udalerria da Mutriku. Gipuzkoa baita, Bizkaiaren atzetik (6), txapelketa ofizial kopuru handiena dituen lurraldea (3). Ondoren datoz Lapurdi (2), Araba (1), Estatu Batuak (1) eta Frantziar estatuko Bearno eta Landak.

Jai Alai Leaguen sartzeak goi-mailako partidak izatea bermatzen dio Mutrikuri, baina baita, partida horiek, Liga handiago baterako puntugarri izatea ere. Txapelketa ez da Mutrikun hasi eta amaitzen. Mutrikun gertatzen denak, Ligako beste partidei eta sailkapen ofizialari eragiten die eta horrek ematen dio balioa. Master Series kategoriako txapelketetan, 1.000 puntu eskuratzen ditu bikote irabazleak, 600 pt bigarrenak eta 360 pt hirugarren eta laugarren sailkatuek. Denboraldi amaieran puntuazio handiena duten pilotariek, Donostiako Final Four-a jokatuko dute (irailean). Beraz, Mutrikuko Master Seriesak garrantzia handia dauka, Final Four horretara sailkatzeko bidean.

Eneritz Lizardiren berragerpena

Mutrikuko albiste handietako bat Eneritz Lizardi herritarraren berragerpena izango da. Lizardik urte t’erdi egin du kantxetatik kanpo. 2024ko urtarrilaren 12an lesionatu zen Euskadiko Txapelketa jokatzen. Eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen eta ordutik hona, bi ebakuntza izan ditu. Azkenean, tunel beltzaren amaieran argia agertu da eta denboraldi amaieran bada ere, emakumeen Jai Alai League sortu berrian parte hartzeko aukera izango du mutrikuarrak, eta herrian bertan gainera. Lesio osteko lehen partida ofizial hori Maite Ortiz de Mendibilekin jokatuko du, uztailaren 18an.

Pilotari soil bat baino, Eneritz Lizardi gaur egungo emakume pilotarien belaunaldiko erreferentzia nagusia da. Adinez ere, bere kantxako lagunak baino zertxobait nagusiagoa, lesionatuta egonik, kanpotik jarraitu du emakumeen Jai Alai League-aren sorrera prozesua eta orain, lesioa gaindituta, bertan parte hartzeko aukera izango du azkenean.

Beste emakume mutrikuar bat ere lehiatuko da, Jai Alai Leaguerako puntuen borrokan. Oaia Otaño atzelaria, Ligako ranking-eko zortzigarrena.

Urreisti, Manci eta Goixerri, hiru mutrikuar gizonezkoetan

Azken urteetan, zesta-puntaren punta puntan ari dira Mutrikuko Danok Bat elkartetik ateratako pilotariak eta emaitza horiek agerikoak dira, bai emakumezkoen eta baita gizonezkoen kategorietan ere. Gizonezkoen Master Seriesean, hiru mutrikuar izango ditugu, bakoitza helburu ezberdin batekin: Eñaut Urreistiren kasuan, Ligako lehen posturako borrokan ari da, Aritz Erkiagarekin lehian. Mikel Mancisidor “Manci“, Final Four-era sailkatu nahian ari da, lau atzelari onenen artean sartzeko ahaleginean. Eta Ekaitz Mendizabal “Goixerri”-k, Estatu Batuetatik etorri eta ahalik eta mailarik onena eman nahi du Euskal Herriko zaleen aurrean, batez ere Mutrikun, etxean. Urtean zehar Floridan jokatzen duenez, Ligako sailkapenean aukerarik gabe dago Goixerri anaietan zaharrena dena.

Gizonezkoen kasuan, sailkapenerako puntuak zenbatzeko orduan, gehienez ere, pilotari bakoitzeko 6 Slam eta 8 Master hartzen dira kontuan, nahiz eta pilotari batzuek txapelketa gehiago jokatu. Emakumezkoen Ligan, txapelketa gutxiago daude egutegian eta Master Series denak dira puntuagarriak.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen