Giro itzela, ikusgarria Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Urtean txapelketa bat bada ere, merezi du zesta-puntako onenak bertan ikustea. Frontoi laburra eta azkarra da, harmailak kantxaren gain-gainean daude eta inun baino inpresio handiagoa eragiten dio publikoari, zesta-punta partidak bertan ikustea. Publikoa ere beroa eta esker onekoa da Mutrikun, baina gaurkoan, asko animatu arren, txapelka ez dira herrian geratu. Ez emakumeetan -Eneritz Lizardik desenpatean galdu du- ezta gizonezkoetan ere -Goixerri eta Manci, azpitxapeldun-.
* Alize Arriagaren lehen txapela
Emakumeetan zerbait nabarmendu behar bada, Alize Arriaga markinarraren lehen txapela da. Apurka-apurka, Jai Alai Leagueko txapelketetan parte hartzen ari da eta bere maila asko hobetu da azken hilabeteetan. Markina-Xemeinen, bere herrian, azpitxapeldun geratu da hilabete honetan bertan eta orduan aurkari izan zuenarekin, Elaia Gogenolarekin lortu du gaur Mutrikun bere lehen txapela. Elaiarentzat, denboraldiko hirugarrena (Zumaia, Markina-Xemein eta Mutriku).
Lehen bi setetan, bietan jarri dira aurretik Ihart Arakistain eta Eneritz Lizardi. Lehen atsedenaldian, 7-8 ziren aurretik baina Elaiak eta Alizek buelta ematea lortu dute. Partida gogorra izan da eta Ihart eta Eneritz, Alize zigortzen ahalegindu dira. Hala ere, partida oso ona egin du markinarrak, pilota asko sartu du eta aurkarien estrategiak ez du efekturik izan. Lehen setean 15-11 irabazi dute Elaiak eta Alizek, Berriatuko aurrelariak errematean ondo asmatu baitu. Bigarren jokoan, 6-8 iritsi dira atsedenaldira eta 13-15 irabazi dute Ihartek eta Eneritzek, baina desenpatean, 5-1 nagusitu dira Elaia eta Alize. Eneritz Lizardi eskumaz min egiten sahiatu da baina Elaia ondo sartu da airera eta Arriagak oso ondo eutsi du atzean.

* Gizonezkoetan, gernikarrak nagusi
Gizonezkoen finalean, Mikel Mancisidor “Manci” mutrikuarrak ez du lortu, asteko hirugarren txapela litzatekeena. Donibane Lohizunen (Barandikarekin) eta Pauen (Laduchen) irabazi eta gero, gaur etxean galtzea egokitu zaio, Goixerri lagunarekin, Barandika eta Lekerikaren aurka.
Partida oso ona izan da, etxekoak gogor hasi dira 8-2 aurretik baina gernikarrak gora etorri dira eta lehen setean, markagailua iraultzea lortu dute (15-14). Unai Lekerika oso seguru aritu da atzean baina nabarmentzekoa da Barandikak hartu duen konfiantza. Winterreko lesioa atzean utzita eta aste honetan bere lehen titulua irabazi berritan (Donibane Lohizuneko 2. Masterra), sasoi onean aurkitzen da aurrelari gernikarra, etxeko torneoan ere (Gernika Grand Slam) finalerdietara sailkatuta).
Bigarren seta ere galdu arren (15-12), bai Goixerrik eta bai Mancik partida ona jokatu dute. Ekaitzen kasuan, Mungian atera zuen ordura arte presioa eragiten zion arantza eta Mancik ere gorakada nabarmena egin du azken asteetan, udaberri zail baten ondoren. Garaipena hala ere gernikara joan da. Barandika eta Lekerika bikote sendoa dira eta Mutrikukoa, denboraldi honetan elkarrekin irabazi duten hirugarren Masterra da, Durango eta Paueko txapelen ondoren. Bakoitzak, guztira, lau Master ditu denboraldi honetan baina titulu handi bat, “Slam” bat falta zaie, iraila baino lehen denboraldia biribiltzeko.





