Aritz Erkiaga Jai Alai League-ko lider bezala iritsiko da Lekeitiora eta lehen postu hori defendatuko du etxekoen aurrean. Sailkapenak erakusten duen moduan, aurten ere denboraldiko onena ari da izaten ispastertarra baina agian, iaz baino gehiago kostata. Jai Alai Leagueko lehen sei txapelketak jokatuta puntuak iaz baino banatuago daude aurten: Erkiagak, orain arteko Slam bakarra (Eusko Label Winter Series-a) eta Master bat irabazi ditu (Biscayne Cup, Florida), baina parte hartu duen beste bi txapelketetan aurkariak gailendu zaizkio: Pauen, Barandika-Lekerika eta Gasteizen, Urreisti-Lekerika.
Beraz, Lekeitiko Master Seriesa ezinbestekoa da Erkiagarentzat bere lehen postu horri sendo eusteko. Gorka Sorozabalekin jokatuko du, Johan eta Del Riorekin aurka. Apirilaren 12an izango da hori. Aurretik, larunbat honetan bertan, Urreisti eta Lekerika Gasteizko txapeldunek jokatuko dute, Barandika eta Ibarluzearen aurka.
Xabi Barandika gernikarra Lekeition jokatzeko programatuta dago baina azken unean erabakiko du, kantxaratzeko moduan dagoen ala ez.
Urreisti mutrikuarra eta Unai Lekerika berriz, indartsu iritsiko dira Lekeitioko Master Seriesera, Gasteizko finalean Erkiaga eta Del Riori irabazi ostean. Konfiantza handiarekin dago aurrelari mutrikuarra eta Lekerikaren kasuan, bi Master irabazi ditu jada, denboraldi honetan: Paue (Cesta de Nadau) eta Gasteiz (Araba Euskaraz).

Emakumeen Jai Alai League-a
Emakumeen zesta-punta ez da berria Lekeitioko ikusleentzat baina lehen aldiz, lagun-arteko partidu baten ordez, Jai Alai Leagueko Master ofizial bat jokatuko da aurtengo apirilean. Lehen aldia da Lekeition maila horretako txapelketa bat jokatzen dela, emakumeen Jai Alai League-a bere lehen denboraldian baitago. Orain arte hiru txapelketa jokatu dira, Berriatuan, Gasteizen (Araba Euskaraz) eta Durangon (Euskotren Winter Series). Lekeitiokoa izango da Ligako laugarren Master Seriesa eta ondoren etorriko dira, Donibane Lohizune, Zumaia, Bilbo, Mutriku eta Biarritzeko Masterrak.
Apirilaren 5-eko lehen finalaurrekoan Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea berriatuarrek jokatuko dute, Maite Ortiz de Mendibil eta Frida Watkinsen kontra. Apirilaren 12an Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal neurtuko dira, Erika Mugartegi eta Oaia OtaƱoren kontra. Winter Serieseko azpitxapeldunak beraz (Elaia eta Oaia) Lekeition izango dira.






