Urtarrilak 20, 19:30tan (ETB 1, 21:35tan)
Eusko Label Winter Series
3. jardunaldia, finalerdien ligaxka
URREISTI-GORKA vs ERKIAGA-IBARLUZEA
Atlantikoa zeharkatuta atzo iritsi ziren Eñaut Urreisti pilotari gipuzkoarra eta Gorka Sorozabal lapurtarra. Astebetez egongo dira Euskal Herrian, Winter Serieseko bi jardunaldi jokatzeko. Bi astelehen jarraian. Ondoren AEBtara joango dira eta finalerdien azken jardunaldirako itzuli.
Ezusteko galanta eman dute biek ere, taldekako ligaxkan. Ez dira soilik Winterreko finalerdietara sailkatu, multzoburu ere izan dira teorian bikote gogorragoen aurrean. Winterrean zer egingo zuten jakin gabe, hiru hilabetez Floridan jokatzeko konpromisoa hartuta zuten, Dania Jai Alai frontoian. Han ere, 22 pilotariren artean, koadroko bi puntista onenak dira. Orain, Winterreko azken partidutik ia bi hilabete pasata, Euskal Herrira datoz bueltan, sorpresak ematen jarraitzeko asmoz.
Winterreko euren helburua soberan bete dute Urreistik eta Gorkak baina lehen fasean hain ondo eginda, ez dute finalerdietan zapore garratzarekin geratu nahi. Floridara joan izanak baditu abantailak eta desabantailak. Alde batetik, egunero kantxan eta lehian aritzeak, adin horretan bederen, izan dezake hobekuntzarako tartea. Baina aurkariak ez dira berdinak, eta frontoia ere ez. Gainera, Danian jokatu ahal izateko egutegia ere moldatu egin zaie. Urreisti eta Gorka lehenak izan ziren lehen fasea gainditzen, baina azkenak dira finalerdietan jokatzen. Bien bitartean, euren aurkariak Gernikan aritu dira, bai partiduak jokatzen eta bai entsegu serioak egiten.
Edozein kasutan, presioa beste batzuena da eta ez Eñaut eta Gorkarena. Erkiaga eta Ibarluzea egungo txapeldunak dira. Azken partidetan, Ispasterkoa ez da bere joko maila gorenean aritu eta Urreistik eta Gorka zer galdu gutxirekin aterako dira kantxara.
Floridan bertan, Daniako txapelketako finalerdietan daude, Garcia-Laborde eta Tambourindeguy-Danel bikoteekin batera. Datorren astean erabakiko da Bixente-Oyhenard eta Benetrix-Zugaitzen artekoa. Txapelketa hau irabazten duen bikoteak otsaileko BISCAYNE CUP-a jokatu ahal izango du. Jai Alai Leagueko proba, nazioarteko lehena.
Daniako estatistiketan, esan bezala, Urreisti eta Gorka dira sailkapeneko lehen bi pilotariak. Atzo goizeko funtziora arte, ondoko hauek dira estatistika ofizialak (hortik aurrerakoetan, Urreisti eta Gorkaren hutsunea aldagai garrantzitsua izango baita). Sailkapeneko lehen 10 postuetan Iparraldeko 7 pilotari daude, azken 10 postuetan ostera, soilik 2. Daniako txapelketan bertan, finalerdietako 8 pilotarietatik 6, Iparraldekoak izango dira. Duela 10 edo 20 urterekin alderatuta, argazki erabat ezberdina da.





