Opens in a new tab

Goixerri eta Portet-entzat ohorearen garaipena!

2025-12-23

Kargatzen

* Datorren asteleheneko partidaren irabazlea (Barandika-Basque vs Urrutia-Del Rio) finalerdietara pasako da.

* Jaialdia arratsaldeko 18:00tan hasiko da.

* Lehen partidan, Erkiaga-Ibarluzea eta Goitia-Lekerika lehiatuko dira (A multzoa). Pantera arrosek garaipen batekin agurtu nahi dute txapelketa.

Garaipen garrantzitsua lortu dute Gernikan Ekaitz Mendizabal “Goixerri”-k eta Jérôme Portet-ek. Zesta-puntako plaza garrantzitsuena da Eusko Label Winter Series-a. Harreta gehien erakurtzen dituena eta pilotariei begira begi gehien dituena. Horregatik, txapelketatik kanpo egonda ere, bientzat zen oso garrantzitsua garaipena. Goixerrik, presioa gainetik kendu eta Euskal Herrian bere benetako jokoa erakusteko. Eta ordezko moduan sartu den Portet-ek, hurrengoan ere, hala nahi badute, berarekin konta dezaketela jakiteko. Biek lortu dute bere helburua, eta pozik agurtu dute Winter Seriesa.

Lehen jokoan urdinak izan dira nagusi eta joko ausarta erakutsi du Goixerrik, tantu asko bukatuz. Partida osoan, 16 egin ditu eta azken asteotako entrenamenduen emaitza ere igarri da. Gernikan entsaioak egin ahal izan ditu Ekaitzek eta aurrekoetan baino libreago jokatu du. Lehen jokua 10-15 irabazi ondoren, marroien aldera egin du bigarren setak (15-11) eta Del Riok min gehiago egin du eskumarekin. Defentsan, bikain aritu da Thomas, ikaragarrizko hanka bizkorrak ditu eta egoera errazak egokitu ez arren, goi-mailako pilotaria dela ari da erakusten behin eta berriz. 15-11koaren ondoren, desenpatean erabaki da partida.

Desenpateak ikaragarrizko garrantzia izan du. Marroiek irabaziz gero, datorren astean nahikoa izango lukete set bat egitea, Barandika eta Basquerekin berdintzeko. Eta berdinketa kasuetan, tanto-averageak erabakitzen du sailkapena. Tanto-averagean ere berdinketa gertatuko balitz, kasu horretan, elkarren arteko partidaren garaileak egingo luke aurrera.

Ez da halakorik behar izan. Goixerrik egin du lehen tantua barruan (0-1), baina Del Rioren hiru eskumakadak, 3-1 jarri ditu aurretik marroiak. Goixerrik barruan egin du, urdinen bigarrena (3-2) eta Del Rio gasteiztarraren hutsak ekarri du hirugarrena (3-3). Urrutia eta Del Rio aurretik jarri dira berriz ere, garaztarrak atzean egindako tantu bati esker (4-3) baina Portetek berdindu du urdinentzat, tanto bikain batekin. Aurretik, Goixerrik berak egin du errematea, baina Urrutiak horma-biko oso zail bat eraman du eta Portet frantziarrak amaitu behar izan du azkenean tantua. Launakoarekin, Goixerrik bikain bota du atzean zabalera. Del Rio iritsi, iritsi da, lurrean tatarrez doala jaurti du pilota, baina goiko toldora joan da gutxigatik.

Datorren astelehenean, lehen faseko azken jardunaldia jokatuko da eta bi partida jokatuko dira. Jaialdia 18:00tan hasiko da. Erkiaga eta Ibarluzea, azken bi urteetako txapeldunak, Goitia eta Lekerikaren kontra arituko dira. A multzoan dena dago erabakita. Bigarren partida berriz, tentsio handikoa izango da. Kale edo bale, irabaztea lortzen duenak egingo du aurrera: Barandika-Basque vs Urrutia-Del Rio.

Berriatua Master Series

Horren aurretik, Jai Alai League-ak beste zita bat du Berriatuan. Emakumeen Ligaren hasiera eta gizonezkoen laugarren txapelketa. Iluntzeko 20:00tan hasita, bi partida:

ERIKA-ALIZE vs IHART-ARAI
ERKIAGA-ARATZ vs GOITIA-DEL RIO

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen