Lehen konplikatua ikusten bazen, are konplikatuago jarri da Eusko Label Winter Serieseko A multzoa. Erkiaga eta Ibarluzea, azken bi edizioetako irabazleek, bi set eta bat galdu dute Ludovic Laduche eta Jon Zabalaren aurka. « Pantera arrosak » erritmo falta erakutsi dute lehen jokoan. Ibarluzeak, ohi baino huts gehiago egin ditu eta bigarren setean buelta eman arren, bost tantutara erabaki da partida eta bikote zuria izan da garaile. Partida serioa eta ona egin dute Laduchek eta Zabalak eta hiru punturekin, bigarren dira orain A multzoan, Goitia eta Lekerikaren atzetik. Faborito ziren bi bikoteak, (Erkiaga-Ibarluzea eta Johan-Gorka) multzoko azkenak dira orain.

Lehen set oso serioa jokatu dute Ludovicek eta Jonek. Getariako aurrelariak hormabiko eder batekin hasi du partida (0-1) eta arrosek, elkar ulertzeko arazoak izan dituzte kantxan. Zuriak aldiz, serio eta seguru, atsedenetik aurrera (8-7) markagailuan aurrea hartu eta 15garren kartoira joan dira. Ispasterko aurrelariak sake errestoan eta txapa-gainean egin ditu tantoak, hamaikana zioazenean, bi huts jarraian egin ditu Ibarluzeak (11-13) eta Laduche preso izan duenean, ez du tantoa amaitu Erkiagak (11-14). Ispasterkoak suabe-suabe bota du, aurkaria preso ikusita. Batez ere kiniela jokoan aplikatu izan den legea da, parekoa arriskuan ez jartzeko suabe bota eta besteak ez jarraitzearena, baina Laduche pilotaren bila abiatu eta berak amaitu du tantoa (11-14). Hamabosgarrena ere lapurtarrak egin du, errebotez (11-15).
Bigarren jokoan etorri da aldaketa. Ibarluzea gehiago asentatu da kantxan eta Laduche huts egiten hasi da, nahiz eta Zabalak seguru jokatzen jarraitu. Bi eta hutsekoa Ibarluzeak egin du pilota ezker horman baztertuta (0-2), Laduchek Erkiagaren erremate batzuk harrapatu ditu, hanka bizkorrei esker, baina hutsak ere egin ditu eta atsedenerako 8-4 ziren aurretik arrosak. Tantu bikainak egin ditu orduan Erkiagak. Bere sinadura daramaten altxorrak. 10-4koa, sahietsetik barrutik barrura abiaduraz egina, 11-5ekoa sei koadrotik, eskumaz, suabe suabe txapa gainean pilota jarrita, eta seta ere Aritzek berak amaitu du, bi pareta botata (15-7).
Partida, hirugarren jokoan erabaki da. Gaizki hasi dira arrosak (0-2), Laduchek eta Zabalak, ez baitiote jokoan sartzen utzi Erkiagari. Euren taktika, Ibarluzeari pilota botatzea izan da eta arazoak izan ditu honek, batez ere, bien artera jaurtitako pilotetan. 1-3 ere jarri dira zuriak aurretik, eta Ibarluzeak egin du arrosen bigarrena. Errebesez, bikain, inpultsua hartu eta zuzen zuzen erreboteko hormara (2-3). Partida Erkiagak berdindu du maisulan batekin. Errebesez urrutitik bi paret perfektua bota du, txapa gain gainean (3-3). Zuriak aurretik jarri dira berriz ere, Laducheren eskuin indartsuari esker (3-4) eta tantu faltan zirela, Zabalak partidako huts bakarrenetakoa egin du, momentu txarrean (4-4). Tentsio itzela egon da kantxan zein harmailetan. Frontoia leporaino beteta, emozio itzela, azken tantua bera ere borrokatua, pilota oso zailak sartu dituzte baina Ibarluzeak saskiratu duen pilota batean, Erkiagaren falta adierazi dute epaileek, Ispasterkoak bere zestarekin ikutu baitu pilota. 4-5 Laduche eta Zabalaren alde, eta A multzoa sutan.
Zuriek hiru puntu irabazi dituzte, nahiz eta tanto gutxiago egin. Erkiagak eta Ibarluzeak aldiz, puntu bakarra dute markagailuan, baina aldeko tanto-averagea.
A MULTZOA
1. Goitia-Lekerika 4 pt (+6)
2. Laduche-Zabala 3 pt (-3)
3. Erkiaga-Ibarluzea 1 pt (+3)
4- Johan-Gorka 0 pt (-6)
Johan Sorozabalek gainera, orkatilla bihurritu du Pauen jokatutako partida batean. Bere eboluzioaren zain gaude, hilaren 17an jokatzeko moduan egongo den ala ez jakiteko (4. jardunaldia, Johan-Gorka vs Laduche-Zabala).
Emozio itzela, eta datorren astean, final itxurako partida handi bat, B multzoari dagokiona.
URREISTI-LOPEZ vs BARANDIKA-BASQUE





