S’ouvre dans un nouvel onglet

Moreak finalera eta Barandika ospitalera

29 janvier 2026

Kargatzen

Gernikako aurrelariak ikaragarrizko pelotakada jaso du ukalondoan. Partida ahal bezala amaitu eta ospitalera eraman dute.

Barandika eta Basque Winter Series txapelketako lehen finalistak dira. Bikote horiak bi set eta huts irabazi die Alex Goitiandia eta Unai Lekerikabeaskoari. Hortaz, Winterraren 5. edizioko finala jokatuko dute. Barandikarentzat, bere bigarren finala, eta Basquerentzat, lehenbizikoa. Hala ere, Barandikak pelotakada larria jaso du partida amaieran. Bigarren seteko 12nakoan, Goitiaren errebote batek gernikarraren ezker ukalondoan jo du. Golpe zuzena izan da. Hezur hezurrean eman dio eta partida min handiz bukatu bukatu du gernikarrak. Azken lau tantoak sufrimendu handiarekin eta mugatuta jokatu ditu baina berea izan da garaipena erabaki duen azken pilotakada. Partida bukatu eta berehala eraman dute erietxea. Hurrengo ordu edo egunetan jakingo da, kolpe gogor horren diagnostiko eta ondorioak. Sailkapenari begira, gainerako hiru bikoteek aukerekin jarraitzen dute.

Partidako lehen setean nagusi izan dira Barandika eta Basque, hasieratik amaierara. Berdeak ez dira neurketan ondo sartu eta bikote morearen estrategia nagusitu da. Pilota berriak atera, materiala aldatuz joan eta berotzen utzi ez. Basquek txapelketako partidarik onena jokatu du, bai defentsan eta baita bere errebes indartsuarekin, arerioak behartu eta Barandikari aukerak sortzen ere. Gernikarrak zazpi tantu bukatu ditu lehen jokoan: bi horma-biko, dejada bat, errebotean bat, bi txapa gainetan moztuta eta beste pilota bat, bien tartera botata. Hutsak berriz, ia batere ez, ez Barandikak ezta Basquek ere. Goitia eta Lekerika berriz, ezinean.
Bigarren jokoan erreakzionatu egin dute Alexek eta Unaik. Partidan sartu dira eta tantu onak egin dituzte. Goitiak, sake errestoan eta errebotean nabarmenenak. Launakoa benetan ederra izan da. Lekerika txokoan aurrera iritsi, eskumarekin indartsu bota eta Basquek ez sinistekoa sartu du xisteran. Goitia atzeraka korrika joan da, pilota sartu eta atzeko posizio horretatik bi pareta edera bota du. 6-8 iritsi dira atsedenaldira aurretik berdeak.

Hala ere, Barandikak eta Basquek garaiz erreakzionatu dute, lau tanto segidan egin, 10-10 berdindu eta 12-10 aurretik jarri dira. Azken indar erakustaldian, berdeek 12-12 berdindu dute Lekerikaren eskutik. Orduantxe etorri da Barandikaren lesioa. Hainbat minutuz izan da gernikarra aldagelan. Mina, sufrimendua eta odola gorputzean, baina Barandikak gerlariaren adorea atera du, duen guztia eman eta garaipena lortzeko. Zalantza barik, merezi du finala jokatzea. Ikusiko dugu mediku azterketek zer dioten.

Sailkapenari dagokionez, gaurko emaitzak bizi-bizirik uzten ditu gainerako hiru bikoteak, finalerdiak bukatzeko bi partidaren faltan. Barandika eta Basque lider jarri dira 7 punturekin eta hauen atzetik ditugu, hurrenez hurren, Johan-Gorka (4 pt), Goitia-Lekerika (3 pt) eta Urreisti-Basque (2 pt). Datorren astelehenean Johan-Gorka eta Goitia-Lekerikak jokatuko dute. Lapurtarrek irabaziz gero, finalean leudeke. Goitiak eta Lekerikak berriz, 2-0 irabazi behar dute. 2 eta 1-ekoarekin, Urreisti eta Lopez ere bizirik utziko lituzkete eta berdinketa kasuan, berdeek tanto-average txarra dute.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen