S’ouvre dans un nouvel onglet

Egungo txapeldunak, aurten ere finalera!

18 mars 2026

Kargatzen

Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik Euskotren Winter Seriesko txapela berritzeko aukera izango dute, datorren astelehenean, hilaren 23an eta Erika-Frida bikotearen aurka jokatuko dute finala. Gaurko partidan nagusi izan dira, baina ez partida guztian. Izan ere, bi zati izan ditu finalerdiak. Bata, lehenengo setaren ia amaieraraino, Ihartek eta Maiak dominatu dutena, Helena jokoz kanpo utzita. Eta bigarrena, lehen setaren amaieratik partidaren hondarrera arte, pilota biziarekin, Arai Lejardiren eskuma protagonista izan duena.

Partidaren lehen tantuan euren intentzioak argi utzi dituzte Arakistainek eta Goikoetxeak. Tantua dominatu eta horma biko ederra bota du Ihartek, sahietseko posturan. Hainbat tantu egin ditu gisa berean. Sahietseko postura horretan, pilota asko zabaltzen du, aurkariari heltzeko aukerarik eman gabe. Bana eta bina egin ondoren, distantzia hartu dute morek. Pilota motelarekin, tantuak dominatu dituzte. Bai Maiak atzetik eta baita Ihartek, aire pilota zailak sartu eta atzera gogor botata. Konfiantza handiarekin, zazpigarren koadrotik dejada botatzen ere ausartu da Berriatuko atzelaria (4-2) eta « guillermina » batekin ere asmatu du beranduago: errebeseko posturan, bi pareta sartu du behetik gorako posturan. Guillermo Amutxastegi ondarroar handiaren izena daraman jokaldia.

Helena Barrenetxeak ez du jokoan sartzeko ia aukerarik izan eta partida, bi baten aurkakoa izan da: Ihart eta Maia, Arairen kontra. Atsedenaldira bi tanto aurretik heldu dira moreak (8-6) eta apurka apurka, markagailuan aurrera etorri dira urdinak. Pilota bizituz joan ahala, Araik bere arma nagusia atera du: eskuma.

10 eta 8-koan Maiak bi pilota zail eraman dizkio, baina hirugarrenean bi partea bota dio Lejardik. 10nako berdinketa ere eskumaz egin du markinarrak eta 11garrena eta 12garrena ere bai. Ihart eta Maia aurretik jarri dira berriz (13-12) Sopelakoak atzean egindako tanto bati esker, baina Maiaren bi hutsek eta Arairen eskuinkada batek, 13-15koa ekarri dute.

Lehen seta irabazi ostean, azken txanpako joerari eutsi diote Helenak eta Araik, eta behera etorri dira aurkariak. Izan ere, Araik eskumaz jaurti duenean, ez dute asmatu kantxan jokatzen. Lehengo zortzi tantuetatik sei, Arairen eskuinkadak izan dira (1-8). Tantua berriz egin dutenean, pilota motela atera dute atzera ere moreek eta sei tantu egin dituzte guztira. Egia esan, partidan sartzeko oso aukera gutxi izan ditu Helenak. Moreek agindu dutenean, ez diote jokatzen utzi eta pilota biziarekin, Arai Lejardiren eskuin pozoitsuak izan du protagonismoa. 6-15 bukatu da partida eta datorren asteleheneko finalean izango dira, Helena Barrenetxea durangarra eta Arai Lejardi markinarra.

Urreistiren erakustaldia

Gizonezkoetan, Eñaut Urreisti izan da Ezkurdiko finalaurrekoan protagonista. Gipuzkoarrak partida ona jokatu zuen pasaden ostiralean Gasteizen eta momentu on horri segida eman dio gaur Durangon. Tanto asko bukatu ditu aurrean eta Olharanen erremate ugari saskiratu ditu, ondoren kontraerasoan tantuak eginez. Lekerikak atzean seguru eutsi dio eta bikote horiak Olharanek eta Zabalak baino gehiago jokatu du gaur. Finala Erkiaga eta Atainen kontra jokatuko dute. Erkiagaren kasuan, bi final jokatuko ditu hiru eguneko epean. Ostiralean Gasteizen (Erkiaga-Zabala vs Johan-Lopez) eta astelehenean Durangon (Erkiaga-Atain vs Urreisti-Lekerika).

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen