S’ouvre dans un nouvel onglet

Berriatuko finalak erabakita!

3 janvier 2026

Kargatzen

Bigarren astez ere, ez du hutsik egin Berriatuko herriak. Mendibarren pilotalekuko harmailak goraino bete dira, Jai Alai Leagueko goi-mailako partidak ikusteko. Bigarren finalerdiak izan dira, eta desenpaterik gabe erabaki dira bi partidak. Hilaren 9-ko finaletan, Ihart-Arai vs Lur-Maia partida jokatuko da emakumeetan (Arai eta Lur Lejardi, ahizpak dira) eta Erkiaga-Aratz vs Urreisti-Lekerika gizonezkoetan. Azken hauen kasuan, garaipen garrantzitsua, asteleheneko partidara konfiantzaz iristeko. Urtarrilaren 5-ean jokatuko da Winter Serieseko finalerdietako lehen partida (ligaxka formatuan) eta gaurko bi irabazleak elkarren kontra neurtuko dira: Urreisti-Lopez vs Goitia-Lekerika.

Baina gatozen bueltan Mendibarrenera. Partida gogor eta lehiatua jokatu dute, batez ere lehenengo setean, Lur, Maia, Elaia eta Eneritzek. Hobeto hasi dira, Gogenola eta Lizardi horiak, 0-3, 3-7 eta 5-8 aurretik jarrita. Partidaren lehen zatian, aurrean gehiago asmatu du Elaiak eta atzean seguru aritu da Eneritz. Hala ere, apurka apurka behetik gora etorri dira marroiak eta bederatzigarren kartoian lortu dute lehen berdinketa (9-9). Hamarna ere berdindu dute, baina hortik aurrera, aurretik ipini dira Lur Lejardi eta Maia Goikoetxea. Hasieran huts batzuk egin arren, partida ona jokatu du Lejardik, distira handiko tantuak egin ditu aurrean erremateak eskeiniz. Joko bizi eta gustagarria, bi aurrelariena. 14-13 aurretik jarri eta gero, Eneritzek eskumaz egin du 14-14koa baina azken tanto erabakigarria, Lur Lejardi markinarrak egin du (15-14).

Bigarren jokoan, aurretik jarri dira marroaik (2-1, 4-3, 6-4, 7-5, 12-6). Alde horrekin, tanto ikusgarri bi egin ditu Lurrek. Bata, txokoan, goitik behera egindako dejada, eta bigarrena, hau ere barruan utzita. Baina Elaiak eta Lizardik seta berriz estutu dute. Berriatuko aurrelariak errebotetik ere egin du tantua, baina 14-12 urreratu arren, ezin izan dute berriz berdintzea lortu. Maia Goikoetxea gazteak oso eroso jokatu du partida osoan, eskumarekin eta errebesarekin, biekin ematen dio, pilota asko sartu du eta jokoan agintzea lortu du (15-12).

Urreisti eta Lekerika, garaile

Gizonezkoen partidan, bi setetan gailendu dira Eñaut Urreisti eta Unai Lekerikabeaskoa. Egun gutxiko epean, guztiz ezberdinak diren bi frontoietan ari dira jokatzen (Gernika, 57m eta Mendibarren, 47m), material ezberdinarekin, baina ederto egokitu dira pilotariak Berriatuko neurrietara. Estrategia argia ekarri dute Urreistik eta Lekerikak: pilota aurkarien tartera jaurti eta erreboterako pilota txarrak uztea. Mutrikuko aurrelariak horma-bikoz ere egin ditu tantuak, beti ere errebesez: bai frontisera begira, eta baita errebotetik ere. Lehen jokoan 12-15 nagusitu dira eta bigarrenean 10-15. Barandikak ere egin ditu aurrean, dejadaz eta hormabikoz tantuak, eta atzeko koadroetatik, Zabalak txapa gaineko bat egin du (7-6 bigarren setean) eta partida amaitzear zela, hormabiko bat ere bai (10-14). Hala ere, Lekerikak aurkariak baino pilota gehiago sartzen ditu ia beti, eta segurtasun hori ezinbestekoa izan da gaur ere garaipena lortzeko.

Urtarrilaren 9an, Berriatuako frontoia berriz ere gainezka izango da!

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen