Se abre en una pestaña nueva

Zesta-punta profesionala Azpeitiara itzuliko da Saninaziotan!

22 de julio de 2025

Jaialdi bakarra izan arren, albiste handia da zesta-punta profesionala Azpeitira itzultzea. Hiru hamarkada badira Azpeitian jaialdi profesionalik antolatzen ez denik eta abuztuaren 1-ekoa hazia ereiteko aukera aproposa dela uste dute, bai Azpeitiko Udalak eta baita Eraman! zesta-punta enpresak ere.

Lehen pausu hau, Saninazio jaien barruan egitea erabaki dute, abuztuaren 1-eko “Saninazio bigarrenean” hain zuen. Jaialdia arratsaldeko 19:00tan hasiko da eta bi partida jokatuko dira, egungo pilotari onenekin. Bai emakumezkoetan eta baita gizonezkoetan ere.

Izarraitz, zesta-puntarako aproposa

Izan ere, zesta-puntan jokatzeko frontoi ezin aproposagoa du Azpeitiak. Esku- pilotaz gain, erramintako modalitateak ezagunak dira herrian, pala eta erremontea batez ere. Zesta-puntaren kasuan, 54 metroko luzera da joko honetarako estandarra. Neurriez gain, Izarraitz goi-mailako pilotaleku egiten dute bai kantxaren egoerak, bai frontoiaren kokalekuak eta baita harmailen edukierak ere. Zalantza gabe, lehen mailako pilotalekua da Izarraitz eta lehen mailako zesta-punta jaialdia izango du Saninaziotan.

Denboran atzera egin behar da, Azpeitian zesta-puntako jaialdi profesionalak gogoratzeko. 70. eta 80. hamarkadetan jaialdiak antolatzen ziren “Txikito” Bolibarkoa eta Txurruka bezalako pilotariekin. Tradizio handiko lekua izan ez arren, izan dira puntista profesionalak herrian eta eskualdean eta 90. hamarkada hasieran ere izan ziren jaialdi batzuk Izarraitzen. Hala ere, zesta-puntaren gainbeherarekin batera desagertu zen modalitate hau, modu profesionalean, Azpeititik.

Winter Series eta Jai Alai League-aren olatua

Orain, berriz goranzko bidea hartuta dabil munduan “Jai Alai” gisa ezagutzen den kirola eta Euskal Herrian bertan ezagutaraztea da, azken urteetako lan nagusia. Izan ere, munduko hainbat tokitan jokatu izan den arren, Euskal Herrian bertan kirol ezezaguna da eskualde askotan, nahiz eta “Winter Series” txapelketak eta “Jai Alai League”-ak gero eta etxe gehiagotara zabaldu duen kirola. Gaur egun oraindik, Bizkaian eta Lapurdin jokatzen dira zesta-punta profesionaleko txapelketa nagusiak baina Gipuzkoan ere nabarmen ari da aurrera egiten eta une honetan, Donostia, Zumaia eta Mutriku Jai Alai Leagueko egoitza ofizialal dira. Araban, Frantziar estatuan eta Estatu Batuetako Floridan ere badira goi-mailako txapelketak.

Azpeitiko jaialdia ez da lehiaketa ofizialekoa izango, lagun-artekoa baizik. Lehen esan bezala, hazia ereitea baita helburua. Hala ere, zergatik ez pentsatu, egunen batean Azpeitiak ere lehiaketa ofizialeko txapelketak hartzea? Lehiaketa horietako protagonista nagusiak Izarraitzen izango ditugu abuztuaren 1-ean eta ilusio handiarekin datoz gainera pilotariak.

Abuztuak 1 (19:00tan)
Azpeitia Jai Alai-Open Series

ELAIA-ENERITZ vs HELENA-FRIDA
ERKIAGA-LEKERIKA vs BARANDIKA-LOPEZ

Sarrerak: www.eramanjaialai.com

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen