Zesta-puntak Mungia deskubritu du eta Mungiak zesta-punta. A ze frontoia eta a ze giroa, euskal pilotaren espezialitate onentzat. Bertako Master Seriesaren 3. eta azken jardunaldia besterik ez da geratzen. Final handiena. Datorren ostegunean izango da hori, eta bart erabakita geratu dira bi partidak. Emakumeetan, Elaia Gogenolak eta Oaia Otañok jokatuko dute Maite Ortiz de Mendibil eta Maia Goikoetxearen aurka. Gizonezkoetan berriz, Erkiaga eta Gorka arituko dira, Urreisti eta Manciren aurka.
Erkiaga eta Gorka, beraiak ziren faborito atzoko partidan, batez ere Gorka Sorozabal atzean erakusten ari den mailagatik. Baina partida estua eta emozionantea izan da. Lesiotik atera osteko Mancirik onena ikusi genuen atzo, bere ohiko mailan eta Eñautek lan handia egin zion defentsan, pilota asko kenduz. Ausart atera zen mutrikuar gaztea. Erkiagari abantaila emanda irabazteak beste aurrerapausu bat litzateke Ligako egungo liderrarentzat. Ez zuen lortu baina desenpatean erabaki zen finalerdia. Hiruna zioazlea, errematea bilatu zuen Mutrikuko «galernak» baina azken bi jokaldiak ez zitzaizkion ondo atera.
Erkiaga eta Gorka ondo aritu ziren, eta Manci ere goranzko bidean. Ispasterkoak eta Biarritzekoak, Goixerri eta Lekerikarekin kontra jokatuko dute datorren eguenean.
Emakumeetan, lehen setean oso nagusi izan ziren Elaia eta Oaia. 8-1 hasi ziren irabazten eta 15-10 bukatu zen jokoa. Bigarrena lehiatuago joan zen atsedenaldira arte (8-7) baina hortik aurrera aldea atera zuten berriz ere, Gogenolak eta Otañok. Atzelari mutrikuarra, urtez urte, gora egiten ari da eta Gogenolak ez dio bere izaerari aurka egiten. Gauzak ondo edo gaizki atera, aurrelari bistosoa da eta errematea da bere marka. Merezita lortu dute finalera iristea, Maite eta Maia izango dituzte aurkari.
Ea bi finalak onak ateratzen diren. Mungiarren jarrera ikusita, giroa paregabea izango da.





