Grand Slam-eko 1. jardunaldia
Jai Alai League
JOHAN-ZABALA vs
GOIXERRI-MANCI
15-9, 12-15, 5-4
ERKIAGA-IBARLUZEA vs
LADUCHE-LEKERIKA
15-11, 15-7
Hasi da Markina-Xemeingo Grand Slama. Kategoria handieneko Jai Alai Leagueko txapelketetan, denboraldiko laugarrena. Jendea gogotsu urreratu da Uni pilotalekura eta bi partida oso ezberdin ikusi ditu. Lehena, gogorra eta lehiatua. Desenpateko azken tantuan erabaki da, 5-4 Johan eta Zabalaren alde. Bigarrenean berriz, erraz eta eroso aritu dira Erkiaga eta Ibarluzea. Arrazoi nagusia, Ludovic Laduche aurrelari lapurtarrak ezin izan duela kantxan eroso jokatu. Gernikako Nazioen Ligan oso maila eman eta gero, ez da Uni frontoira egokitu. Ibarluzeak esan zuen moduan «hona datozen berriak ez dira oso ondo egokitzen frontoira». Bada hurrengo partidarako enkantxatu beharko du, hil ala biziko lehia izango baitute Urreisti eta Basqueren aurka.
Hala ere, has gaitezen lehenengoarekin. Johan eta Zabala, Goixerri eta Manciren aurka. Ondo sartu dira partidan marroiak (4-0), mutrikuarrei berriz, gehiago kostatu zaie jokoan sartzea. Pilota bizi ibili dute Johanek eta Zabalak baina biarriztarrak pilotakada gogor bat hartu du belaun-hezurrean, sake-erresto batean. Errenka atera da kantxatik baina zorionez, partida osoa jokatu ahal izan du eta oso ondo gainera. Errebesez gogor eman dio pilotari eta errebotean min egiten du. Bere luzerarekin eta goitik behera ematen dion indarrarekin, pilotari bote handia eragiten dio. Baita eskumarekin jaisten duenean ere. 5-5, 6-6 eta 7-7 berdindu arren, 15-9 bukatu da lehen jokoa, marroien alde.

Bigarrenean aldiz, gehiago izan dira Goixerri eta Manci. Partidan sartuago, euren momenturik onenean, publikotik ere lagunen animo beroak jasotzen… Barruan eta horma-bietan tantu politak egin ditu Ekaitzek; Mancik berriz pilota ondo jarri du, ezker paretean zein atzeko horman. Haizea alde izan dute mutrikurrek baina ezin hala ere, tarte handirik atera. 8-8, 9-9, 10-10. Orduan jokatu dituzte partidako tanto onenak. Ederrena, 10-13koa. Ia bi minutuz piloteo gogorrean aritu dira laurak, pilota oso zailak sartu dituzte5. Publikoa bero bero jarri da eta tantu erabakigarria gipuzkoarrentzat izan da. 12-15 irabazi dute jokoa eta animoz hobeto heldu dira gainera hirugarrenera.
Partida beraientzat izango zela ematen zuen. 1-3 jarri dira aurretik bostera. Zabalak hormabikoz egin du tantua, markinarren eta gainerakoen txalo zaparrada beroak jasoz. Hiruna berdintzea ere lortu dute. 3-4 jarri dira mutrikuarrak berriz aurretik baina 4-4 berdindu ostera ere marroiek. Azken tantua: Johanek sakea atera, Goixerri aire sartu baina txapapean bukatu du bere erremateak. Garaipena eta hiru puntu garrantzitsu Johan eta Zabalarentzat. Goitia eta Lopezen aurka irabazten badute, finalerdietan izango dira. Goixerri eta Mancik aldiz, galdu egin dute baina set bat egin dute (puntu bat) eta tanto-average nahiko onarekin.
Bigarren partidan aldiz, 2-0 irabazi dute, oso eroso, Erkiagak eta Ibarluzeak. Partida kontrolatuta izan dute hasieratik amaierara. Laduche ez da kantxara egin eta ez da piloteo asko izan partidan. Erkiagak, hori bai, erremate ikusgarri batzuk utzi ditu. Pintzeladak izan dira. Baina artista onenaren pintzeladak. Erremate ikusgarri batzuk egin ditu Ispasterkoak, sahietseko posturan. Ederrena, bederatzi kuoadrotik txapa gainean perfekto moztu duena. Ibarluzeak ondo eutsi dio partidari, ez du arazoirik izan. Horiak berriz, ezinean. Txapa gaineko batzuk egin ditu Laduchek baina askoz gehiago ez. Ez da bere eguna izan. Lekerikak ere ez du partidan sartzeko aukerarik izan. Ez daude kalean baina sistema honetan 2-0 emaitza txarra da. Txapelketan jarraitzeko bi gauza behar dituzte: Urreistiri eta Basqueri irabaztea, eta Erkiagak eta Ibarzabalek ere hala egitea. Besteen menpe daude, baina oraindik dena dago zabalik.
Datorren astean:
JOHAN-ZABALA vs GOITIA-LOPEZ
ERKIAGA-IBARLUZEA vs URREISTI-BASQUE





