Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan, Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek irabazi dute Bilboko finalaren errebantxa. Bikoteak aldatuta oraingoan, mutrikuarrak Iron Cup-eko arrantza atera du eta bi partidak kontuan hartuta (Bilbokoa eta Uni-koa), biak irabazi ditu Gorkak eta biak galdu Basquek. Atzelarien arteko borrokan, biarriztarra izan da nagusi eta Urreistiren kasuan, oso serio eta kontzentratuta atera da gaur kantxara. Estrategia argia jarraitu dute: Goitia jokoz kanpo uztea.
Partida piloteo gogorrarekin hasi da baina tantuak, banan-banan, horien aldera erori dira. 1-6 aurreratu dira, bikain Gorka atzean eta baita aurrean Eñaut ere, hanka bizkorrekin pilotaren bila joan eta sahietsetik errematatuz. Errebesez ezezik, eskuinez ere ondo jokatu du Gorkak, tantu ederra egin du goitik behera (4-9) baina Goitia jokoan sartzen hasi da eta duen txisparekin, tantu onak egin ditu, gehienbat, txapagainean moztuta. Hiru tantura urreratu dira (10-13), Basquek hormabiko bat ere sartu du, baina horientzat izan da seta (12-15).
Bigarrenean, Goitia eta Basque hasi dira hobeto (3-0) baina set berdindua izan da: 3-3, 4-4, 5-5, 6-6, 7-7, 9-9. Hamargarren tantuan, aurretik jarri dira Urreisti eta Gorka, Goitiak sake falta bat ere atera du eta 13-15 bukatu da jokoa. Gaurko irabazleek, Johan eta Zabala izango dituzte aurkari datorren barikuan. Goitiak eta Basquek, zain egon beharko dute, ligaxkako azken jardunaldian sailkatu ahal izateko.

Erkiagaren garaipena
Hainbat emaitza txarren ostean, Aritz Erkiagak garaipena lortu du gaur Markina-Xemeinen. Garaipena eta emaitzari buelta emanda gainera, bera eta Atain ez baitira ondo hasi. Komunikazio falta aipatu du Gorka Mugartegi «Atain»-ek, eta baliteke, Ibarluzea eta batez ere Barandika, bikain hasi baitira. Gernikarrari apenas igartzen zaio 5 hilabetez lesionatuta egon denik. Jokoan igarriko du berak ere, puntua falta zaiola, baina fisikoki, lehengoa da eta besteen gainetik dago. Gaur marroiz jantzita, 6-3 jarri da aurretik egungo Ligako txapelduna eta egindako hutsek pisu handia izan dute lehen jokoan. 15-13 bukatu da lehena eta bigarrenean, Erkiagaren eta Atainen hobekuntza iritsi da.
Atzeko koadroetan markinarren lehia izan dugu eta aste honetako arantza atera nahi izan dute biek, Ibarluzea eta Atain, Iparraldeko txapelketetatik kanpo geratu baitira, aurre-kanporaketan fasean Caparrus eta Laborderen atzetik geratuta. Etxeko frontoian arantza atera duena Atain izan da. Partida oso ona egin du eta Aritzek berari utzi dio jokoaren pisua. Gorkak dominatu ondoren, Ispasterko aztia aurrean errematatzera zentratu da. Jakina da Uni-ko kontxara egokitzea kosta egiten zaiela pilotariei. Erkiagak berak, entsegu gehiago behar dituela adierazi du, bertako efektuetara egokitzeko, baina ez du asko behar Aritzek. Gaur oso ondo aprobetxatu du frontisaren eskapada, hiru horma-biko eder sartu baititu, alboko posturan, tanto egiteko. Horietako bat, desenpatean gainera.
Bigarren jokotik aurrera behera egin du Ibarluzeak ere eta 8-15-ekoaren ondoren, 1-5 irabazi dute hirugarren seta, Erkiagak eta Atainek. Datorren astean Txanika eta Salegiren kontra jokatuko dute. Hauek ez dute ezer galtzeko, eta txapelketa honetan sorpresaren bat ematen ahaleginduko dira.
Grand Slamaren hasiera honetan, sarrera oso ona izan da Markina-Xemeingo Unian. Hemendik aurrera ostiraletan jokatuko dira partida guztiak (19:00-tan), Karmen eguneko final handia kenduta (uztailak 16).





