Partidu ederrak eta giro bikaina izan ditugu Berriatuako Master Serieseko finalean. Zortzi pilotariek lazo beltza eraman dute soinean, herrian ezustean hil berri den Iñigo Mantzizidor «Mazo»-ren oroimenean. Herrigintzako arlo guztietan, langile eta boluntario paregabea izana eta herriko zesta-eskolako kide ohia. Kolpe hori gainditzeko denbora beharko du Berriatuak, baina Jai Alai Leagueko txapelketaren arrakastak zauriak sendatzen laguntzen du. Izugarria izan da giroa. Ligak asko ematen dio Berriatuari, baina Berriatuak ere bai Ligari. Eta txapelak ere herrian geratu dira. Maia eta Aratz Goikoetxea neba-arrebak nagusi izan baitira, lehenengoa Lur Lejardirekin eta bigarrena Aritz Erkiagarekin.
Emakumeen finalean, ez dute hasiera ona izan Lurrek eta Maiak. Hasiera hasieratik erasoan hasi dira, iazko txapeldunen aurka. Lehen tantua Lurrek egin du, horma-biko zorrotz batekin. Baina aurrean, bikote oso segurua aurkitu dute eta marroiek, huts gehiegi egin dituzte. 2-7, 4-8, 5-10 eta 6-11, kontrolpean izan dute partida Ihart Arakistain sopelarrak eta Arai Lejardi markinarrak. Izan ere, ahizpen arteko lehia ere izan dugu kantxan. Lur eta Arai markinarrena. Ihartek errebesez ondo baztertu du pilota, Araik eskumaz norabide egokia eman dio eta defentsan ere ondo aritu dira horiak. Lurrek bi pasa aterata bukatu da lehen jokoa (8-15).
Bigarrenean ostera, marroien susperraldia etorri da. Lurrek erasoko jokoari eutsi dio. Publikoaren begiradatik, pilotari ikusgarria da. Bizia. Distantziatik txapa gainean dejadak egiten hasi da, eta ondo atera zaio jokaldia. Lau bider lortu du, bigarren setean, modu horretan tantua. Marroiek Arai Lejardi sahiestu izan dute eta ondo egin dituzte lanak. Maiak ahalik eta atzeren bota, Arai frontisetik urrun mantendu, edo errebote zailak jarri, Lurrek aurrean tantuak bukatu ahal izateko. 15-13 irabazi dute bigarren seta, eta hirugarrenean, 4-0 ere aurreratu dira. Horiek tanto bat egin dute (4-1) baina Iharten sakeari bikain erantzun dio Lurrek: aire sartu, dejada jaurti eta txapa gainean tantua eginda. Horrela bukatu da partida eta Ligako lehen 1.000 puntuak eskuratu dituzte. Ihartek eta Araik 600 puntu lortu dituzte rankingerako, eta 360 puntu finalerdiak galdu zituzten biek (Erika-Alize eta Elaia-Eneritz).

Gizonezkoetan, punta puntako partida ikusi dugu. Urreisti eta Lekerika, sasoi betean dagoen goi-mailako bikotea, eta Erkiaga eta Aratz, izar beteranoa eta bidea egiten hasi den 16 urteko gaztea. Ikusgarriak izan dira bi aurrelariek egin dituzten tantuak, eta ikusgaria bi atzelariek eraman dituzten pilotak. Lekerika ondo ezagutzen dugu, baina Aratz Goikoetxeak ere pilota zailak eraman ditu eta apenas egin du hutsik. Erkiagaren aginduak ondo bete ditu eta urduritasun aldetik ere, ondo kudeatu du presioa. Dejadak, sahietsetik egindako bi paretak, eskumaz moztutako txapa-gainekoak… tanto bizi eta ikusgarriak izan dira aurrean. 3-3, 4-4, 5-8, 6-9, 10-10, 11-11, 12-12, 13-13 eta 14-14 ere egin dute.
Lehen seteko azken tantua zoramen hutsa izan da. Ez dago behar bezala deskribatzeko hitzik. Tanto luzea, borrokatua, abiada oso bizian jokatutakoa… eta hainbat aldiz bukatua zirudiena: lehenik, errebotearen kontra oso pilota zaila eraman du Lekerikak. Beranduago, Urreistik horma-biko perfektua bota du errebesez. Tantua bukatua zegoelakoan, Aritzek bere burua sarearen kontra bota, zesta ahal bezala sartu eta pilota eramatea lortu du. Tantuak jarraitu egin du zaleen zoramenerako, eta are zoramen handiagoa eragin du, Ispasterkoak errebotean egin duen zabalekoak. Harmailak sutan jarri dira, 15-14ko tantu zoragarri horrekin.
Marroiek lehen seteko inertzia aprobetxatu dute 8-4, 10-5 eta 11-7 aurreratzeko. Baina horiek ez dute etsi. Ezta gutxiago ere. 11-10, tantu bakarrera jarri dira. Eñautek defentsan pilota zailak eraman eta ondoren berak egin du tantua (11-9, Aratzen hormabiko bati erantzunez eta 13-12, Erkiagak hanketara bota eta pilota sartu ondoren). Tantu batera urreratu dira bai, baina hortxe geratu dira, 15-13 bukatu baita partida.
Garaipen garrantzitsua Erkiagarentzat. Berriatura iritsi aurretik, sei partida zeramatzan segidan galduta, eta orain, hiru irabazi ditu jarraian (bi Berriatuan eta bat Gernikan). Aratzentzat berriz, bere formakuntzan aurrerapausu bat da. Gernikan entseguren bat ere egin du profesionalekin eta oso gaztea den arren, profesionalekin lehen hartu-eman hauek izatea, oso positiboa da berarentzat. Aukera eman diote eta proba nota onarekin gainditu du.
Astelehenean Winterra dugu! Finalerdietako 2. jardunaldia: Barandika-Basque vs Johan-Gorka.





