Zortzi bikote arituko dira nor baino nor gehiago 2025-2026ko Eusko Label Winter Seriesen. Txapelketa urriaren 27an hasiko da, eta asteartean aurkeztu dute, Ibarrangelun, Laga hondartzan. Final handia 2026ko otsailaren 15ean jokatuko dute, eta, ohi bezala, partida guztiak Gernika-Lumon izango dira, Jai Alai pilotalekuan. Aurreko ekitaldian parte hartu zuten puntistei erreparatuta, Ekaitz Mendizabal «Goixerri» da berritasuna; mutrikuarra Jean Olharanen ordez sartu da lehian.
Testuinguru horretan, txapelketako antolatzaileek erabaki dutenez, Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea elkarrekin arituko dira, 2024an eta 2025ean lortutako garaipena berretsi nahirik; Sorozabal anaiek, Johanek eta Gorkak, bikotea egingo dute, bai eta Alex Goitiak eta Unai Lekerikak, eta Ludovic Laduchek Jon Zabala izango du atzelari. Lau bikote horiek izango dira A multzoan.
B multzoan, debuta egingo duen Goixerrik eta Mikel Mancik mutrikuar bikotea osatuko dute, eta Xabi Barandika, Jai Alai Ligako txapelduna bera, eta Thibault Basque beste bikote bat izango dira. Eñaut Urreisti eta Imanol Lopez Jai Alai Ligako atzelari txapelduna ere izango dira bikotekideak, eta Thomas Urrutia eta Julen del Rio ere lehiatuko dira elkarrekin.
EITB, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, bosgarren Eusko Label Winter Series honetako neurketa guztiak emango ditu.
Txapelketan, hamazortzi jardunaldi jokatuko dituzte. Lehen hamarretan, urriaren 27tik abenduaren 29ra bitartean, astelehenero, final laurdenetako ligaxka izango da; horretan, bikote bakoitzak hiru partida jokatuko ditu. Hori amaituta, urtarrilaren 2tik otsailaren 9ra bitartean, finalerdietako ligaxka izango da jokoan, sei jardunalditan, multzo bakarrean, eta, beste behin, sailkatutako bikoteek hiruna neurketa jokatuko dituzte; horietako bat izateko, beharrezkoa da eskuratzea multzoko lehenengo edo bigarren tokia, final laurdenetako fasean. Finalerdietako ligaxkako bi bikote onenak izango dira finalean, otsailaren 15ean, igandez. Jaialdiak hasiko dira 18:00etan lehen jardunaldian, 19:30ean txapelketako gainerako astelehenetan eta urtarrilaren 2an (ostirala da), eta 12:00etan, finalari dagokionez.
Goitia, Goixerri eta Urrutia, Eusko Label Winter Seriesen ez ezik, Miamiko Magic City pilotalekuan ere ibiliko dira, eta Johan eta Gorka Daniako denboraldian ere lehiatuko dira, hiru hilabetez. Horrenbestez, Johan eta Gorka final laurdenetako ligaxkan jokatu behar dituzten norgehiagokak amaituta joango dira Floridara, eta, finalerdietako fasera sailkatuz gero, Euskal Herrira itzuliko lirateke. Hala, zazpigarren jardunalditik, alegia, abenduaren 8tik, Estatu Batuetan ere dabiltzan pilotarien agendak zehaztuko du zein partida izango den astelehen bakoitzean.






