* Gernikakoak eta bidartearrak final bikaina eta ia akatsik gabea jokatu dute Erkiaga eta Gorkaren aurka.
* Barandikak bere hirugarren Liga titulua lortu du erreskan (berak ditu gehien) eta Basquek, estreinekoa.
* Ligako txapeldunek «Urrezko Gerrikoa» eramango dute soinean, datorren denboraldi osoan.
Xabi Barandika eta Thibault Basque dira Ligako txapeldun berriak. Gernikarrak bere hirugarren Jai Alai Leaguea lortu du, hirurak erreskan. Denboraldi honetan gorengo mailara egin du jauzi Barandikak. Pilotari handi bat da, zalantza gabe eta Winterreko lesio larriak eragina izan du jauzi horretan. Lesio larri horrekin, partidua bukatu eta finalera sailkatzea ikaragarria izan zen eta lesioa gainditu ostean erakutsi duen maila, itzelezko balentria. Basquerekin konexio berezia du. Pilota ulertzeko modu beretsua dute. Indarra, erritmoa eta kemena. Bidarteko atzelariak denboraldi biribila itxi du: Winter Seriesa, Donibaneko bi Slamak (All Star-a eta Nazioartekoak), Urrezko Xistera eta Donostiako Final Four-a. Denboraldiko «10 handietatik» bost, Basquek irabazi ditu.
Lehen seteko bigarren erdia kenduta, final ona eta borrokatua izan da. Tantua ondo landu eta bi paretez egin du Barandikak partidako lehena (1-0). Gernikarrak «ikusgarriak» ez diren tanto asko egiten ditu, baina meritu handikoak: errebesez, bien artera jarri du binakoan (2-2), Gorkak eskuinez erantzun dio (3-3) eta errebotean egin du Barandikak, horien laugarrena (4-3). Momentu horretatik aurrera, Erkiagaren hutsak etorri dira. Ispasterkoak ez-ohiko akatsak egin ditu erasoan eta konturatu aurretik 12-4 ziren markagailuan atzetik. Harmailetan ere publikoa harrituta, ez baita ohikoa Aritz horrela ikustea. Amorruz egin du bosgarrena, sake errestoan (14-5) eta errebotean hurrengoa (14-6) baina seta joana zen eta Barandikak berak itxi du jokoa, kontraerasoan (15-6).
Lehen jokoko inpass arraro hori ahaztuta, finaleko bigarren jokoa bete-betekoa izan da. Barandikak, beste tantu eraginkor batekin hasi du seta. Eskuinez, hanketara bota dio Gorkari eta honek ezin xisteran sartu. Aurkariari, bere posizioa baino metro batzuk aurrerago pilota jartzeak, lekutik atera eta akatsak eragiten ditu. Erkiagak, errebotean egin du banakoa (1-1) eta binakoa Barandikak jarri du markagailuan, errebesez gaizto baztertuta. Tantu piloteatu gogorrak jokatu dituzte, publikoa bera ere nekatzeko modukoak. Ez ikuskizunagatik, protagonisten esfortzua ikusita baizik. Basquek pilota zail asko eraman ditu gaur, bote-prontoan eta hirunako tanto ederra Erkiagak egin du, kontra-kantxatik erantzunda (3-3). Partidaren une horretan abantaila hartu dute arrosek (5-8), atsedenaldirako aurretik jarriz. Hala ere, Barandikak eta Basquek eustea lortu dute, partida apurtzen utzi gabe. Tantuak hain izan dira borrokatuak, Erkiaga bera 10 koadrora jeitsi eta bigarren botea ematear zen pilota bat altxatzea lortu du, bere burua eta zesta, indar handiz lurrera botata. Erramintaren golpeak atera duen soinu galantak, susto ederra eman dio bati baino gehiagori. Arrosek derrigor irabazi behar zuten seta, desenpatera joan ahal izateko; eta horiek, kontrakoa. Partida itxi eta hirugarren jokora ez iristeko. Piloteo onaz gain, tantoen amaiera ederrak utzi dizkigute lau pilotariek. Erkiagak eskuinez «zubira», bi aurrelariek errebotean eginak, Gorkak eskuinez atzean, etab. Hamabina zioazela, Barandikaren txapa gaineko oso zaila sartu du Gorkak, ondoren, ia ezinezko errebotea eraman du eta hirugarren ahaleginean tantua amaitzea lortu dute horiek. 13-12koarekin, bi tanto behar zituzten Barandikak eta Basquek eta atzelari lapurtarrak kategoria handiko amaiera eman dio finalari. Lehenbizi, eskumaz txokotik zabalera (10. koadrotik) eta partida amaitzeko, beste eskuinkada bat, albotik botata (15-12).
Xabi Barandika eta Thibault Basque dira Jai Alai Leagueko aurtengo txapeldunak. Denboraldia urrian itzuliko da, bi puntista hauek, soinean, Urrezko Gerrikoa jantzita dutela.
JAI ALAI LEAGUE-GIZONEZKOAK
2022-23. Erkiaga-Gorka (Durango)
2023-24. Barandika-Lopez (Durango)
2024-25. Barandika-Lopez (Donostia)
2025-26. Barandika-Basque (Donostia)






