* Garaipen garrantzitsu honekin, Barandika rankingeko 2. aurrelari onena da jada eta Basquek, atzelarietan liderra.
* Con este importante triunfo Barandika sube al 2º puesto del ranking de delanteros y Basque, al liderato de la zaga
Xabi Barandika gernikarra eta Thibault Basque bidartarra dira Donibane Lohizuneko Nazioartekoen txapeldun berriak. Gernikarrarentzat, Iparraldean inoiz lortu duen garaipenik handiena da, Jai Alai Leagueko rankingean aurrelarien bigarren postura igo du eta denboraldi erregularra amaitzeko hiru txapelketaren faltan (Biarritz, Lekeitio eta Pau) Erkiagarena den lehen postua mehatxatzea lortu du. Basquek aldiz, ez du halako udara ona izan joko aldetik, baina Donibaneko finalean bera izan da pilotaririk onena. Seguru jokatu zuen eta eskuinarekin min egin.
Barandikak eta Basquek ofiziotik, esperientziatik lortu zuten garaipena eta arrakalarik gabeko bikote eraginkorra osatu dute, zesta-puntako lehen mailara iritsi berri diren Garcia eta Oyhenard gazteen aurka.
Lehen jokoan 4-1 jarri ziren aurretik gorriak. Ordurako, bi tantu eginak zituen Basquek: eskubiarekin goitik behera eta bi pareta ederra. Piloteo handiko partida izan zen eta gazteek markagailua estutu zuten. Clement Garciak ikaragarrizko gatza du eskuinean eta hala erakutsi zuen, txapa gainean moztuta (4-3) eta goitik behera, aurkariak zubian utzita (6-5). Deskantsuaren ondoren (8-5) aldea handitu zuten gorriek (10-5) baina gazteak berriz urreratu ziren (13-11, 14-12) eta Barandikak berak amaitu zuen seta, eskuin indartsua aterata (15-13).
Bigarren jokoan, atsedenaldira arte eutsi zuten urdinek (1-1, 2-2, 5-5, 8-5). Barandikak eta Basquek hutsik egin gabe jarraitu zuten eta alor horretan igarri zen gehien, Garcia lapurtarraren eta Oyhenard xiberutarraren gaztetasuna. Partida jada apurtuta, tanto bikaina izan zen partidako azkenaurrena: luzea, borrokatua, urdinek oso pilota zailak eraman zituzten baina azkenean, Barandikak bikain bukatu zuen hormabiko batekin pilota sarean ezkutatuta (14-9). Partidako azkena ere Xabik egin zuen, lehenbizi errebesez dominatu, aukerako pilota izan arte itxaron eta eskuinez atzean, txik-txak perfektua bota zuen: pilotak ez zuen jaikirik ere egin. (15-9).





