Opens in a new tab

Erkiaga, iparraldeko finaletatik kanpora!

2026-08-14

* Urreisti eta Johan ere kanpoan geratu dira, lesioen eraginez.

Biarritzen atzo jasotako porrotak, aukerarik gabe utzi du Aritz Erkiaga, Iparraldeko eta Paueko final handiei begira. (Erkiaga-Manci vs Urrutia-Basque: 14-15, 15-10, 2-5). Biarritzeko 4. Masterreko finalerdia jokatu zuen atzo ispastertarrak eta desenpatean galdu zuen Urrutia eta Basqueren aurka. Azken urteei begira berritasun handia da Erkiagak Iparraldeko final handietatik kanpo geratzea baina aurten ez da bere izena agertuko, Urrezko Xisterako (Biarritz), Donibane Lohizuneko Nazioarteko eta Paueko Kopako palmaresean. Aurrelari bizkaitarrak ezin izan zuen jokatu Biarritzeko lehen Masterra besoko lesioagatik, eta Pauekoan ere ezin izan zuen %100ean jokatu, arrazoi beragatik.

Erkiagak baino lesio handiagoak izan dituzte hala ere, Urreistik eta Johanek. Mutrikuarrak Iparraldeko hiru Master galdu ditu eta Biarritzekoak beste bi, eta lesionatuta jarraitzen dute gainera. Izar hauek kili-kolo egonik, Barandika izan da egoerari probetxu handiena atera diona, eta bere ondoren, Garcia, Laduche eta Olharan.

Atzelarietan ez da zorionez lesio konturik izan udaran eta Oyhenard, Manci, Portet, Basque eta Lekerika ari dira izaten, ordena honetan, Iparraldeko udako onenak. Biarritz, Donibane eta Paueko txapelketek garrantzia izugarria dute sailkapenean puntuak batu eta Donostiako Final Four-era sailkatzeko bidean. Erkiaga eta Urreistik lanak eginak dituzte, baina Johanen kasuan, biarriztarra Donostiako zita handitik kanpo geratu daiteke oraindik.

* Barandika eta Erkiaga, elkarren aurka

Erkiaga final handietatik kanpo geratu arren, Donibane Lohizunen Master bat irabazteko aukera du oraindik. Gaur jokatuko da Campos Berriko udako 4. txapelketako finala: Erkiaga eta Basque, Barandika eta Oyhenarden aurka. Partida garrantzitsua batez ere aurrelarientzako: igandean elkarren kontra jokatuko dute Gernikako Grand Slameko final handia (18:00-tan). Ikusmina izugarria da et Slam kategoriako txapelketa izanik, 2000 puntu daude Jai Alai Leaguerako jokoan.

Abuztuak 16, 18:00tan (ETB 2 ON)
Gernika Jai Alai

Olha-Aratz vs Aaron-Oierdi (Challenger-Ligako 2. maila)
BARANDIKA-MANCI vs ERKIAGA-UNDA

Challenger maila

Jai Alai Leagueko Challenger Tour-ean, garaipen garrantzitsua lortu dute bart Olha-k eta Argoitiak, Cosme eta Delpuechen aurka Hossegorren (15-11, 15-4). Astelehenean Bixente eta Iturralderen aurka jokatuko dute frontoi berean eta emaitza horren arabera, 2. mailako Final Four-a erabakiko da.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen