Bi albiste garrantzitsurekin dator aurten Durangoko Ezkurdiko martxoko zita. Alde batetik, emakumeen Jai Alai League-n aurkezpena. 2023an mugarria ezarri zuen emakumeen lehen Winter Seriesak eta ordutik hona txapelketak ugaritzen joan dira. Orain, Euskotren Winter Seriesaren 3. edizioarekin batera, emakumeen lehen JAI ALAI LEAGUE-A ere aurkezten dugu. Lehen edizio honek 10 txapelketa izango ditu, Iparraldean eta Hegoaldean eta Durangoko Winterra, egutegiko hirugarren proba izango da. Denboraldia abenduan hasi zen, Berriatuko Mendibarren frontoian eta Durangoko lehen jardunaldiaren aurretik, Gasteizen izango du segida.
Gizonezkoen banakakoak ere baditu berritasunak. Aurreko urteetan, lau pilotariren artean jokatu izan da Banakako Seriesa eta orain, sei puntistek hartuko dute parte. Honek esan nahi du zesta-punta profesionaleko lau jardunaldi jokatuko direla segidan Durangon, lau astelehenez jarraian eta guztiak izango dira ETB 1en ikusgai.
EUSKOTREN WINTER SERIES
Emakumeen “Euskotren Winter Series”-ak Durangoko Ezkurdi izango du, beste urte batez bere egoitza. Halaxe da, frontoi historiko hau eraberritu zutenetik eta aurtengoan ere lau bikote izango dira aurrez aurre: Maite-Maialen, Helena-Arai, Ihart-Frida eta Elaia-Oaia. Partidak martxoaren 10, 17 eta 24an jokatuko dira arratsaldeko 19:30tan hasita eta Euskal Telebistaren bidez jarraitu ahal izango dira. Egutegi osoan, Euskotren Winter Seriesa da, dudarik gabe, txapelketarik garrantzitsu eta entzutetsuena.
Emakumeen zesta-punta zabaltzen eta ugaritzen ari da, gero eta emakume gehiagok dute goi-mailan jokatzeko aukera eta horren adibide da, Oaia OtaƱo pilotari mutrikuarrak Euskotren Winter Seriesean egingo duen debuta. Helena Barrenetxea durangarrak, etxean jokatuko du eta Ihart Arakistain sopelarra Ezkurdira itzuliko da, iaz osasun arazoek txapelketatik kanpo utzi eta gero. Ihartek eta Arai Lejardik irabazi dute, hain zuzen, Jai Alai League honetako lehen proba, Berriatuan arrakasta handiz jokatu dena.
Baina Durangokoaz gain, beste 9 txapelketaz osatutako Jai Alai League-a ere aurkezten dizuegu gaurkoan. Emakumeen zesta-puntako lehen Liga hain zuzen. Edizio honetako txapelketak, Berriatuan, Gasteizen, Durangon, Lekeition, Zumaian, Bilbon, Mutrikun, Donibane-Lohizunen, eta Biarritzen jokatuko dira. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin alegia. Denboraldiko zortzi pilotari onenak Final Four-era sailkatuko dira eta hantxe ezagutuko dira Ligako lehen txapeldunak.
JAI ALAI LEAGUE 2024-25
1. BERRIATUA MASTER SERIES (Abenduak 27-Urtarrilak 10): IHART-ARAI
2. ARABA EUSKARAZ MASTER SERIES (Martxoak 7-21)
3. EUSKOTREN WINTER SERIES (Martxoak 10-24)
4. LEKEITIO MASTER SERIES (Apirilak 5-17)
5. ZUMAIA MASTER SERIES (Apirilak 7-21)
6. BILBAO IRON CUP (Maiatzak 16-30)
7. MUTRIKU MASTER SERIES (Uztailak 11-25)
8. DONIBANE LOHIZUNE (Data gabe)
9. BIARRITZ (Data gabe)
10. FINAL FOUR
BANAKAKO SERIESA
Gizonezkoen Banakako Seriesean ere berritasunak datoz, bai formato eta bai partehartzaile aldetik. Aurtengo edizioan sei pilotarik hartuko dute parte eta txapelketa final laurdenetan abiatuko da. Partida gogorrak aurreikusten dira. Lehena, Olharan eta Laduchen artekoa, eta bigarrena, Barandika eta Urreistiren norgehiagoka. Partida hauen irabazleak, finalerdietan Johanen eta Erkiagaren aurkako neurtuko dira. Johan izan zen iazko txapelduna eta Erkiaga, azpitxapelduna.
Final laurdeneko partidak martxoaren 3an hasiko dira eta gainerako hiru jardunaldiak, emakumeen Winter Seriesarekin batera jokatuko dira, guztiak ere
Durangoko Ezkurdi pilotaleku historikoan. Dakizuen moduan, 52 metroko kantxa da, frontoi estandarrak baino apur bat laburragoa, buruz buru jokatzeko eta emakumeen partidetarako oso aproposa.
Martxoak 3, 19:30tan (ETB 1, 22:20tan)
OLHARAN vs LADUCHE
BARANDIKA vs URREISTI
Martxoak 10, 19:30tan (ETB 1, 22:20tan)
ERKIAGA vs (Barandika edo Urreisti)
MAITE-MAIALEN vs HELENA-ARAI
Martxoak 17, 19:30tan (ETB 1, 22:20tan)
JOHAN vs (Olharan edo Laduche)
IHART-FRIDA vs ELAIA-OAIA
Martxoak 24, 19:30tan (ETB 1, 22:20tan)
FINALAK
BONOAK ETA SARRERAK
Lau egunetarako bonoak salgai daude jada www.eramanjaialai.com webgunean eta jaialdi bakoitzerako sarrerak bihartik aurrera egongo dira eskuragai.
Partida guztiak ETB 1-en ikusi ahal izango dira, astelehenero, 22:20tan hasita.





