Opens in a new tab

EITB, Jaia Alai Leagueko telebista nagusia

2026-06-18

  • Euskal Irrati Telebistak urte osoan zehar eskainiko du zesta-puntako Liga profesionala, orain arteko jarraipena indartuz.
  • Akordioa mugarria da zesta-puntaren aro berrian eta EITB bihurtuko da Jai Alai Leaguren hornitzaile nagusia.
  • Iparraldeko eta Hegoaldeko antolatzaile nagusiak, Jai Alai Leaguen batuta, Bilboko sinadura ekitaldian izan dira Andoni Aldekoa, EITBko zuzendari nagusiarekin batera.
  • Jai Alai League-ak 257 partida eskeiniko ditu 2025-26 denboraldian hiru kategorietan banatuta: gizonezkoen lehen maila, emakumeen Liga eta gizonen “Challenger” maila.
  • 19 egoitza zapalduko dira denboraldi honetan: Iparraldean, Hegoaldean, Frantziar estatuan eta Estatu Batuetan.
  • Gizonen Challenger zirkuitua larunbatean hasiko da Hondarribian: 12 txapelketa berri dira, lehen mailarako ate joka ari diren pilotarientzat.

Zesta-puntaren aro berriak bere “argazki ofiziala” atera du gaur EITBren Bilboko egoitzan. Horren arrazoia, Euskal Irrati Telebistak eta Jai Alai League-ak sinatu duten lankidetza hitzarmen berria da, urtean zehar zesta emanaldi gehiago emateko konpromisoa finkatuz. Aurrerapausu oso garrantzitsua da, EITB Jai Alai League-ren telebista nagusi bihurtuko delako. Horrekin batera, baita Ligaren ikus-entzunezko edukien hornitzaile nagusi ere. Akordioaren garrantzia berebizikoa da eta horren erakusle, gaurko ekitaldian izan den ordezkaritza maila: Andoni Aldekoa eta Joseba Urkiola, EITB-ko zuzendari nagusi eta kirol zuzendariak; eta beraiekin batera, Jai Alai League-ren egituran batuta dauden Iparraldeko eta Hegoaldeko enpresa eta antolatzaileak: Eraman!-eko Gaizka Muniategi, Donibane Lohizuneko Frédéric Cadet, eta Biarritz eta Paueko arduradunak. Aurkezpenean ezin ziren falta kantxako protagonistak: pilotariak. Gizon, emakume eta “Challenger” mailakoak.

Duela bost urte Ameriketako aroa itxi eta umezurtz geratu zen zesta-punta. Euskal Herrian udako txapelketa solte batzuk baino ez ziren jokatzen. Bost urte beranduago, Jai Alai League-ak 250 partida baino gehiago eskainiko ditu 2025-26 denboraldian, urte osoan banatuta. Hazkunde esponentzial ikaragarria da. Oso denbora gutxian, zestapuntaren mapa berri eta osatua eraiki da eta akordio berriarekin, EITBk Ligaren urte osoko jarraipen integrala egingo du. Bai partiden emanaldiekin, eta baita horren jarraipen informatiboa eginez ere.

Ikusgarritasun aldetik garrantzia berezia dute txapelketa batzuk: Winter Seriesa, Donibaneko Nazioartekoak, Bilboko Iron Cup-a, Biarritzeko Urrezko Xistera eta Donostiako Final Four-a, esaterako. Hala ere, Liga urte osoko lehiaketa da eta errealitate hori islatuko da aurrerantzean Euskal Irrati Telebistaren emanaldietan.

Iparralde eta Hegoalde

Zesta-puntarentzat izugarrizko garrantzia daukala IparraldeHegoalde ardatzak. Errealitate hori islatzen da pilotari zein antolakuntza mailan, eta baita EITB eta Jai Alai League-ren arteko akordioan ere. Euskal Irrati Telebistak eta Iparraldeko zesta-punta antolatzaileek, elkarlana sustatzeko konpromisoa hartu dute eta EITB erreferentziazko telebista izango da, Iparraldeko txapelketa zein sponsorrentzat ere.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen