Opens in a new tab

Donostia, zesta puntaren hiriburu!

2025-09-15

* Gaur hasiko da Jai Alai Leagueko Final Four-a Karmelo Balda pilotaleku ikusgarrian (19:00tan).

* Zesta-puntako urteko titulu garrantzitsuena da eta gizkonezkoen kasuan, urteko 30 txapelketetako puntuazioak hartu dira kontuan, lau bikote onenak zehazteko.

* Urreisti: “Liga sortu zenetik pilotari guztion helburua egun honetara iritsi eta Final Four-a irabaztea da”

* Emakumeetan, Arakistain-Frida eta Sorozabal-Araik jokatuko dute lehen finalerdia.

* Sarreren salmenta ikusita, giro ederra espero da

Irailak 15, 19:00tan
Carmelo Balda pilotalekuan
ETB 1 eta www.eitb.eus, 22:20tan

ARAKISTAIN-FRIDA vs SOROZABAL-ARAI
JOHAN-LEKERIKA vs URREISTI-BASQUE

Donostia zesta-puntaren hiriburu bilakatuko da astelehen honetan hasita. Kontxako banderaren biharamunean, Donostiako badiatik Anoeta pasealekuko Karmelo Balda pilotaleku ederrara leku-aldatuko da kirol albisteen epizentroa. Eszenatokia ez da edonolakoa. 1974an inauguratutako altxor arkitektonikoa, orain berriz balioan jarri den estilo “brutalista”-n eraikia, “Béton brut” edo hormigoi-gordina teknikari jarraiki Luis Jesus Arizmendi arkitektuak diseinatua. Agian, Gernikako Jai Alaiaren ondoren, zesta puntaren altxor arkitektoniko nagusia eta irail honetan, zesta-puntako izarrek distiraz beteko dutena.

Astelehena izan arren, giro ederra espero da pilotalekuan emakumezko eta gizonezkoen finalerdiak ikusteko. Lehenbizikoan, Ihart Arakistain eta Frida Watkins, Ligako aurrelari eta atzelari onenak, Oihana Sorozabal eta Arai Lejardiren aurka neurtuko dira. Sorozabal, Johan eta Gorkaren arreba da eta Lejardik, denboraldi honetan jokatu dituen hiru Masterrak irabazi ditu. Kontuan hartzeko bikotea.

Gizonezkoetan aldiz, Ligako bigarrenek (Johan-Lopez) sailkapeneko hirugarrenen (Urreisti-Basque) aurka jokatuko dute. Erkiagaren besoko errekuperazioa dela eta, Ispasterkoaren partida datorren asterako uztea erabaki da eta ordurako ehuneko ehunean egotea espero du Aritzek.

Asteleheneko partidan, gaur egun programatu daitezkeen bi bikote onenetarikoak izango dira aurrez aurre. Urreisti eta Basquek badakite zer den elkarrekin irabaztea. Aste Santuan, Donibane Lohizuneko Cesta All Star-ean gailendu ziren eta biak izan dira, denboraldian zehar, bakoitza bere postuan sailkapeneko liderrak. Udarako emaitzak ez dira hain onak izan, batez ere Iparraldean, eta hirugarren amaitu dute Liga erregularra. Urreistirena, konsolidazio urtea izan da. Profesional moduan denboraldi osoa jokatu duen lehen urtea eta emaitza oso positiboa da. Aurrelari gipuzkoarrak argi dauka: “Liga sortu zenetik pilotari guztion helburua egun honetara heldu iritsi eta Final Four-a irabaztea da”. Horretarako, Basquek atzean Lekerika dominatu dezakeela uste du, eta hala gertatzen bada, errematerako pilotak izango ditu Eñautek aurrean.

Aurkariak, Johan Sorozabal eta Unai Lekerika, momentu oso onean iristen dira Donostiako zita handira. Biek egin dute udara borobila, Johanek Urrezko Xistera eta Donibaneko Nazioartekoak irabazi ditu. Lekerikak berriz, Gernikako Grand Slama, baina Iparraldean ere goiko postuetan sailkatuz. Denboraldi hasieran, elkarrekin jokatu zuten Winter Seriesa. Orduan ez zitzaizkien gauzak ondo atera, baina Gernikan lortu ez zutena, Donostian eskuratu nahi dute orain. Final handira iritsi eta Ligako titulua eskuratzea.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen