* ERAMAN! enpresak Jai Alai Leagueko nazioarteko lehen txapelketa antolatuko du Floridako DANIA frontoian.
* Otsailaren 20, 21 eta 22an jokatuko da eta finala ETB-n ikusi ahal izango da.
* Txapelketa honek uztartu egingo ditu Euskal Herriko olatua eta zesta-puntak Estatu Batuetan duen 100 urteko historia.
* Daniako frontoiak (1953), Durangoko Ezkurdik edo Gernikako Jai Alaiak baino historia handiagoa dauka.
* Zesta-puntaren sua bizirik dago oraindik Estatu Batuetan, eta txapelketa honekin bertako zalegoa aktibatu nahi da.
* Pilotariak: Erkiaga, Lopez, Barandika, Manci, Lekerika, Johan eta Daniako bertako bi puntista onenak.
Eusko Label Winter Series txapelketa bukatu bezain laster, Jai Alai Leaguek bere nazioarteko lehen txapelketa hartuko du Danian (Florida). Master kategoriako torneoa da eta otsailaren 20, 21 eta 22an jokatuko da. Hala ere, hau ez da zirkuituko “beste” proba bat, denboraldiko apustu nagusia baizik. Proiektu honen helburuak, Ligarako banatuko dituen puntuak baino askoz garrantzitsuagoak dira.
Izan ere, Biscayne Cup-en lehen edizioa pieza garrantzitsua da ERAMAN! enpresaren plan estrategikoan. Helburua nagusia, zesta-puntaren nazioarteko izaera bizirik mantentzea da.
Horretarako, enpresak honako pilotari hauek eramango ditu Floridara: Erkiaga, Lopez, Barandika, Manci, Johan eta Lekerika. Hauekin batera, Danian momentu honetan jokatzen ari den txapelketako bikote irabazlea sailkatuko da. Aurre-txapelketa hau urtarrilaren 3an hasi zen, zortzi bikotek hartu dute parte eta Jai Alai Leaguerako puntuagarria da.
Lehen aipatutako pilotari guztiak Daniako kuadroan jokatutakoak dira, Aritz Erkiaga kenduta.






