Eñaut Urreisti eta Alex Goitiandia. Sasoirik onenean dauden bi aurrelariak elkarren aurka ikusiko ditugu bihar, Bilboko Iron Cup-aren final handian. Sarrerak duela bi aste pasa agortu ziren eta finalerdiak jokatu ostean, pronostikoak bete dira. Rekalde zumarkaleko frontoi historikoak, zale guztiek esperotako finala hartuko du bihar.
Txapelketaren lehen fasean Erkiaga kanpoan geratu izanak, eta Barandika oraindik kantxetara itzuli gabe egoteak, bidea libre utzi dien egungo bi aurrelari elektrikoenei. Finalerdietan, Goitiak eta Gorkak, Johan eta Atain kanporatu zituzten; eta Urreistik eta Basquek ez zieten utzi gernikarrei (Astelarra-Lekerika) ezustekoa ematean. Nahiz eta hauek, lehen set bikain bat jokatu zuten.
Gauzak horrela, Urreisti eta Basque partida guztiak irabazita iritsi dira final handira eta Mutrikuko aurrelariak, ligako lidergoa defendatuko du. Biharko partidak badu aurrekari bat. Ligaxka fasean, bi bikoteek elkarren aurka jokatu zuten partida. Orduko hartan Urreisti eta Basque nagusitu ziren, 15-8 eta 15-13. Hala ere, Goitia eta Gorka behetik gora joan dira txapelketa honetan eta konfiantzaz gainezka iristen dira final handira. Beste faktore bat ere kontuan izan behar da gainera. Bikote laranjak eskuinez min egiteko gaitasuna duela eta horretarako frontoi aproposa da Deportivo. Beste kantxa batzuk baino laburragoa eta biziagoa delako. Urreisti eta Basque berriz, pilotari errebesistak dira eta hasiera batean, pilota motelagoa komeni zaie. Finala erabat irekia dago.
Emakumeetan, Elaia Gogenolak bere hirugarren txapela nahi du erreskan, Bilboko torneo garrantzitsuan. 2024an Ihart Arakistainek irabazi zuen Iron Cup-a eta iaz Frida Watkinsekin. Aurtengo honetan Eneritz Lizardi da bere bikotekidea. Bi pilotariak Bilbon ari dira unibertsitate ikasketak egiten eta San Inazio auzoko zesta-eskolan monitore bezala ere aritzen dira. Biharko finalean, Ihart eta Arai izango dituzte aurkari. Sopelakoak atzelari gisa jantzi zuen txapela duela bi edizio, eta orain bere posizio naturalean, aurrean irabazi nahi du titulua. Maila handiko atzelaria dauka atzean, Arai Lejardi markinarra.
Euskal Telebistak bi partidak eskeiniko ditu, bai zuzenean (ETB 1 ON – 19:00h) eta baita diferituan ere (ETB 1-22:40h)





