🎟️ Sarrerak: www.eramanjaialai.com
- Emakumeen eta gizonezkoen Master Seriesak jokatuko dira Mendibarrenen, abenduaren 27an eta urtarrilaren 3 eta 10ean.
- Goi mailako puntistak izango dira kantxan: Erkiaga, Elaia, Barandika, Erika, Olharan, Lekerika eta Maialen Aldazabal eta Del Rio, besteak beste.
- Berriatukoa emakumeen zesta-denboraldiko lehen txapelketa garrantzitsua izango da eta asko egongo da jokoan.
- Lau berriatuar izango dira kantxan, Elaia, Maialen, Maia eta Argoitia I, eta baita klubeko kide diren Ihart, Lekue eta Antxon ere.
- Pilotarientzat publiko bero eta gertukoa da Berriatukoa eta giro oso berezia sortzen da Mendibarren frontoian.
Frontoi berezia da Berriatukoa. Pilotaleku beroa, gertukoa. Izaera propioa daukana. Berriatuan herritar guztiak egoten dira frontoian, urtarrilaren 1-etik abenduaren 31-ra arte. Herria eta pilotalekua erabat konektatuta daude eta horrek zesta-puntari eta Berriatuari egiten die mesede. 1980. hamarkadan, Berriatuak bere udalerri izaera berreskuratu ondoren, frontoi estali bat eraikitzea erabaki zuen. “Non egingo dugu frontoia?” -galdetu zuten. “Han, mendiaren barrenean. Herria handituz joango da eta urte gutxi barru, Mendibarren herri-erdian bertan egongo da”. Orduko haiek hartutako erabakiak, Berriatuaren izaera bera aldatu du. Gaur egun, ezin da Berriaturik imaginatu, Mendibarren frontoirik gabe. Urte osoan herritar guztiei ateak irekitzen dizkien espazio publiko garrantzitsua da.
> Publiko beroa eta goi mailako puntistak
Aurrez aipatutako guztiak, Berriatuko publikoaren izaera markatu du. Asteko egun guztietan jokatzen dira zesta partidak eta herritarrak oso ohituta daude zesta puntaz gozatzera. 400 pertsonako edukiera du Mendibarrenek, 47 metro eskas luzeran, harmailak kantxatik oso gertu eta horri guztiari esker, publikoaren eta pilotarien artean txispa sortzen da. Master Series honetan ere, giro beroa espero da.
Orain, giro horri goi-mailako Master Seriesa gehitu behar zaio, punta-puntako pilotariekin. Gizonezkoetan, Aritz Erkiaga da erreferentzia nagusia, Berriatuan partida asko jokatu ondoren, bertako klubarekin harremana duen pertsona. Barandika eta Lekerika gernikarrak ere Mendibarrenen izango dira (ostiralean Paueko finala jokatuko dute, Jai Alai League-ren barruan), Julen Del Rio gasteiztarra ere bai, eta hauekin batera Pauetik etorriko den Jean Olharan bearnotarra. Olharanek berak esana da, Gernikako frontoia asko atsegin duela, baina “benetako Jai Alaia” Berriatuan sentitzen dela. Txapelketa osatzeko, Ortzi Argoitia herriko gaztea, Roberto Lekue eta Antxon Alberdi ere izango dira, hirurak Berriatuko Zesta-eskolako kideak Emakumeen Masterrean, Berriatukoak dira gaur egungo zirkuituko bi pilotari garrantzitsuenetakoak: Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal. Herriko hirugarren puntista bat ere izango da oraingoan, Maia Goikoetxea gaztea, eta hauekin batera Ihart Arakistain, Erika Mugartegi, Arai Lejardi, Helena Barrenetxea eta Frida Watkins.
> Herriko pilotariak, onenekin batera
Master Series honetan, zesta-puntako izar nagusiekin batera izango dira Berriatuko pilotariak ere: Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal, goi-mailako txapelketak jokatzen dituzten puntistak dira. Aldazabal egungo Winter Seriseko txapelduna da eta Gogenola, Bilboko Iron Cup-ekoa. Emakumeen Masterrean, Maia Goikoetxea izango da hirugarren berriatuarra eta Ihart Arakistain sopeloztarra ere Berriatuko klubekoa da.
Gizonezkoetan, Ortzi Argoitia “Argoitia I” izango da herriko ordezkaria. Winter Seriesean, ordezko moduan eraman dute Gernikako frontoira eta Danian (Floridan) denboraldi bat egindakoa da. Horrez gain, Lekue ondarroarra eta Antxon etxebarritarra ere, herriko zesta-eskolako kideak dira. Lekueren kasuan, Berriatukoa izango da jokatuko duen azken txapelketa ofiziala.
Izan ere, eta herri txikia izanik, Berriatuako zesta-eskola potentzia bat da kirol honetan. Gaur egun XXX fitxa ditu eta igarri-igarrian dago, urte luzez, Mikel Plazak, Lekue aita-semeek edota Ander Bilbao klubeko arduradunek egindako lana.
> Frontoi laburra eta joko bizia
Lehen aipatu bezala, Mendibarrengo kantxak 47 metro eskas ditu. Zesta-puntan 54 metro da neurri estandarra eta Gernika edo Donibane Lohizune bezalako pilotalekuek 57 metro luze dituzte. Horrek esan nahi du, Berriatuan beste era batera jokatu behar dela eta beste era bateko zesta-punta ikusten dela.
Emakumeen kasuan oso frontoi egokia da. Beste pilotaleku batzuk handiegiak diren bezala, Berriatuan euren jokoa hobeto erakusten dute emakumeek. Atzera hobeto heltzen dira, errebote gehiago dago eta joko biziagoa ikusten da.
Gizonezkoetan, pilotaren abiadura da ezaugarri nagusia. Goi mailako puntistek izugarrizko indarra ematen diote pilotari, publikoa ere kantxatik gertu dago eta oso joko bizkorraz goza dezakete. Horrez gain, Lekerika edo Del Rio bezalako atzelarientzat, eskuinez min egiteko frontoi ona da. Bi pilotari hauek Winter Seriesetik kanpo geratu dira baina Mendibarrenen euren jokoa erakusteko aukera ezinhobea izango dute.
📆 Abenduak 27, ostirala -20:00tan
IHART-ARAI vs ERIKA-MAIA
ERKIAGA-ARGOITIA I vs OLHARAN-LEKUE
📆 Urtarrilak 3, ostirala – 20.00tan
ELAIA-FRIDA vs HELENA-MAIALEN
BARANDIKA-DEL RIO vs ANTXON-LEKERIKA
📆 Urtarrilak 10, ostirala – 20:00tan
Emakume eta gizonezkoen FINALAK
🎟️ Sarrerak online
Sarrerak eskuratzeko modu egokiena, ohi bezala, internet bidez erostea izango da, takilaren zain egon gabe. Jaialdi bakoitzak 10 €-ko prezioa dauka eta hiru jardunaldietako sarrerak www.eramanjaialai.com webgunean egongo dira eskuragarri.





