- Iaz baino txapelketa eta pilotari gehiago izango dira, emakumeen JAI ALAI LEAGUE-ko 2. denboraldian.
- Berriatua erreferentzia bihurtu da emakumeen zesta puntan eta Mendibarren pilotalekuak hartuko du 2025-26 denboraldiko lehen Masterra.
- Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxeak, herrian estreinatuko dute Liga txapeldunen “Urrezko Gerrikoa“.
- Berriatuak lehen aldiz, gizonezkoen Master puntuagarria izango du.
- Aratz Goikoetxea gazteak Erkiagarekin jokatuko du bere estreineko Masterra. Beste bikoteak: Goitia-Zabala, Barandika-Del Rio eta Urreisti-Lekerika.
- Abenduaren 26-an eta urtarrilaren 2-an eta 9-an jokatuko dira partidak, 20:00tan hasita.
- Sarrerak online erosi ahal izango dira astelehenetik aurrera.
Herri txikia izanagatik, zesta puntan tradizio handiko udalerria da Berriatua eta goi-mailako puntisten jaioterria. Bertakoak dira Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea, Jai Alai Leagueko egungo txapeldunak, “Urrezko Gerrikoa”-ren jabeak. Emakumeen zesta-puntan erreferente izaten jarraitu nahi du herriak eta bigarren urtez, Mendibarren pilotalekuan hasiko da emakumeen Jai Alai League-a. Horretarako neurri aproposak ditu frontoiak eta Berriatuak hasieratik egin du emakumeen Ligaren aldeko apostua. Denboraldia bertan hasteak, foko eta arretagune garrantzitsua ematen dio herriari.
Aurtengo honetan gainera, bere apostua indartuko du Berriatuak, gizonezkoen Jai Alai League-an ere sartuz. Ligarako txapelketa puntuagarria izateak, egungo pilotari onenen parte-hartzea bermatzen dio herriari eta hala izango da Berriatuko Master Seriesean: Barandika Ligako txapeldunaz gain, Erkiaga, Goitia, Urreisti, Lekerika, Del Rio eta Zabala izango dira, Aratz Goikoetxea herriko gaztearekin batera.
Elaia eta Maia herritarrak, Ligako egungo txapeldunak
Aurten ere, Berriatuan hasi eta Donostian bukatuko da emakumeen Jai Alai League-a. Denboraldi berrian, aurrekoan baino txapelketa eta pilotari gehiago izango dira eta aurrerago jakinaraziko dira xehetasunak, Ligaren beraren aurkezpen ofizialean. Irailean, Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea berriatuarrek jantzi zuten, Karmelo Baldan, urteko txapel nagusia eta horren ondorioz, denboraldi honetan soinean eramango dute “Urrezko Gerrikoa”.
Hori bai, Berriatuko Master Serieseko egungo txapeldunak beste batzuk dira: Ihart Arakistain eta Arai Lejardi hain zuzen ere. Aurten ere bikotea osatuko dute eta lehen finalaurrekoan, Erika Mugartegi eta Alize Arriaga izango dituzte aurkari, abenduaren 26an. Arai, Erika eta Alize, markinarrak dira eta Ihart Arakistain, Sopelakoa. Erika Mugartegi gainera, buruz-buruko txapeldun izan berri da, selekzioen artean jokatutako 36 metroko Nazioen Ligan.
Bigarren finalerdiak urtarrilaren 2-an jokatuko dira eta bertan aterako dira kantxara, Ligako egungo txapeldunak: Elaia Gogenolak, Eneritz Lizardi mutrikuarrarekin jokatu du eta Maia Goikoetxeak, Lur Lejardi izango du lagun.
Gizonezkoen Ligako 4. proba
Berriatuak, bere posizioa indartu du Jai Alai League-an, gizonezkoen Master puntuagarri berriarekin. Denboraldiko laugarren proba puntuagarria izango da, Durangoko Master Seriesaren, Eusko Label Winter Seriesaren eta Paueko “Cesta de Nadau” txapelketaren ondoren. Xabi Barandika, Ligako egungo txapeldunaz gain, Erkiaga, Lekerika, Goitia, Urreisti, Zabala eta Del Rio izango dira Mendibarren pilotalekuan – guztiak ere Winters Series txapelketako partehartzaileak-, eta baita Aratz Goikoetxea (Berriatua, 2009) herriko bertako pilotari gaztea ere. Zesta-puntako Liga profesionalean bere estreineko txapelketa jokatuko du Aratzek, Erkiagarekin bikotea osatuta.
Gizon zein emakumeen kategorietan, Master Series mailako txapelketa izango da. Ligako ranking-ari begira, 1.000 puntu batuko ditu bikote irabazleak, 600 bigarrenak eta 360 finalerdiak gainditzen ez dituzten bi bikoteek.





