Opens in a new tab

Barandika-Lopez eta Elaia-Maia, ligako final handira!

2025-09-23

ELAIA-MAIA vs MAITE-MAIALEN
15-12, 15-9

ERKIAGA-GORKA vs BARANDIKA-LOPEZ
7-15, 9-15

Finalerako sarrerak

Giro paregabea Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan. Iraileko astelehen bat eta harmailak, ia goraino beteta. Eta kirol arloan albistea: Xabi Barandikak eta Imanol Lopezek Jai Alai Leagueko txapela defendatuko dute, datorren astelehean Donostiako Carmelo Baldan jokatuko den final handian. Iaz bezala, sailkapeneko 4.ak izanda sailkatu dira Lauko Finalera eta iaz bezala, liderrak kaleratu dituzte finalerdietan. Iaz Basquerekin eta aurten Gorkarekin, Aritz Erkiagak ezin izango du bere denboraldi biribila Ligako tituluarekin borobildu. Barandikak eta Lopezek, Urreisti eta Basque izango dituzte aurkari, faborito argi gabeko final handian. Emakumeen finalerdian ere ez da desenpaterik izan. Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea 2-0 nagusitu dira Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabalen aurka. Emakumeen Ligako lehen titulua eskuratzeko, Elaia eta Maia berriatuarrek Sorozabal eta Arai izango dituzte aurkari.

Partida itzela jokatu dute Barandikak eta Lopezek. Perfektua. Zumaiarrak maila ikaragarria eman du, errebesez dominatuz eta uneoro pilota atzeko hormaren beheko aldean kokatuz. Gorkarentzat sartzkeo oso zaila, eta utziz gero, Erkiagarentzat ezinezkoa. Inork ez du, Imanolek zestarekin duen kontrola, eta horri Xabirekin osatzen duen kimika berezia gehitu behar zaio. Ez dira bikote bat. Talde bat dira. Gernikarrak, hogei tantu egin ditu gaur. Hogei bai. Tantuak ez dira soilik aurrean egiten. Egin ditu Xabik, dudarik ez, baina balioan jarri behar dira errebotez egiten diren tantuak, eskumaz goitik behera “pikatuta” edo Aritzen sakera aire sartu eta erreboteko zulora bidali dituen misilak.

Konturatu orduko, 1-5 aurretik ziren egungo txapeldunak. Baina ordurako, hiru pasa aterata egon da Barandika. Goizegi gauza onerako. Hala ere, konfiantza handia erakutsi dute Barandikak eta Lopezek lehen minututik azkenera. LEhen atsedenaldira 4-8 joan dira aurretik, Erkiagak eta Gorkak bi tantura urreratzea lortu dute (6-8) baina atzean Lopez izan da nagusi, Gorkari kosta egin zaio pilota zailetara jartzea, eta Erkiagak berriz, ezin jokoan sartu, eta sartutakoan, ezin nahi beste asmatu. Lopez bera izan da, atzeko paretaren kontra 15. tantua egin duena.

Bigarren setean, horiek ez dute azeleragailua askatu. Irabazten joan arren, ikustekoa da Barandikak eraman dituen pilotak. Bere burua lurrara bota eta ia galdutzat emateko erreboteak. Baina “buena” eramanda, tantuak jarraitu egiten du eta ondoren, horiek eurek lortu dute, behin baino gehiagotan, markagailuan apuntatzea. Horrela egin dute euren bosgarrena. Barandikak defensa ikaragarria erakutsi eta ondoren, Lopezek txulara (3-5). Zumaiarrak, bi huts egin ditu partida osoan. Erkiaga berriz, ahalegindu da jokoa aldatzen, baina pare bat sake erresto huts egin ditu. Ispasterkoak utzi digu gaur ere bere sinadura: bere tanturik onena, errebotean botatako horma biko eder bat izan da (7-10) baina aurtengoan ere, Ligako titulurik gabe geratu da (9-15). Ezta Hiruko Koroarik izango beraz: Winter Seriesa bai, Ligako lehen postua ere bai, baina Ispasterkoari, denboraldi honetan ere, Jai Alai Leagueko titulua irabaztea faltako zaio.

Final ederra izan daiteke datorren astekoa. Urreisti eta Basque, nerbio handiko bikotea, eta Barandika eta Lopez, esperientzia handiko “txapeldunak”. Bi bikoteek ere, maila itzela erakutsi dute, bakoitzak bere finalerdian.

Elaia eta Maia, nagusi

Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea, gaur morez bokatu duen bikotea, nagusi izan da Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabalen aurrean. 0-2 galtzen hasi arren, hiru tanto erreskan egin berehala jarri dira markagailuan aurretik (3-2). Piloteoan dominatzaile aritu da Maia Goikoetxea gaztea eta Elaiak ondo bukatu ditu tantuak aurrean, ez soilik errebesez, txapa gainean eskumaz ondo moztuta ere bai. Atsedenaldira 8-5 iritsi dira moreak aurretik, eta alde horri eutsi egin diote joku amaiera arte (15-12).

Bigarren jokoan ere, tantuak jokatu ahala, abantaila handituz joan dira Elaia eta Maia. Atzelari gazteak eskuinez ere egin ditu tantuak. Maitek eta Maialenek ez dute gaizki jokatu, Aldazabalek seguru eutsi du eta Maite dominatzen sahiatu da, baita ahal izan duenean aurrean amaitzen ere, batzutan asmatuz eta bestetan huts batzuk eginez. Ez da nahikoa izan. 11-5 jarri dira Elaia eta Maia aurretik eta 15-9 bukatu da bigarren seta eta partida. Finalean aurrean izango dituzte Oihana Sorozabal biarriztarra eta Arai Lejardi markinarra.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen