URREISTI-GORKA vs LADUCHE-MANCI: 12-15, 9-15
Laduche eta Manci finalean daude. Lanaren bidez lortutako saria da. Aurrelari lapurtarrak eta Gipuzkoako atzelariak aurrerapausu nabarmena eman dute azken urtean eta eguneroko lanaren bidez, onen artean sendotzea, finkatzea lortu dute. Bikote fisikoa da, hanka arinak dituena. Kantxa asko kubritzen dute eta Getariako pilotaria seguruago eta ausartago aritu da edizio honetan. “Gernikakoa kantxa handia da eta hemen errematatu egin behar da”, adierazi du partida amaieran. Horixe zen hain zuzen, lapurtarrak gainditu beharrekoa zuen ikasgai nagusietako bat. Errematea. Eta bigarrena, segurtasuna. Bietan eman du aurrerapausua eta Mancirin lanarekin, final handian daude biak.
Atzokoa ez zen izan Urreisti eta Gorkaren eguna. Mutrikuko aurrelariak ez zuen aurrean nahi beste asmatu eta lehengo seta parekatuago joan arren, bigarreneko atsedenalditik aurrera, nabarmena izan en urdinen nagusitasuna. Txapelketaren lehen fasean, multzoburu bukatu zuten Urreistik eta Gorka. Finalerdien ligaxkan ostera, orain arte jokatutako bi partiduak galdu dituzte. Gauza guztietan bezala, balantze globala egin behar da eta Urreistiren kasuan, duela urtebete non zegoen ikusi. Hazten ari den pilotaria da baina lehen urtean, Barandikari eta Lopezi Gernikan irabazi eta finalerdietan sartzea lortu du. Atzoko partida irenstea kosta egingo zaie baina askoz gehiago ikasten da porrotetatik, garaipenetatik baino.

Laduchen eta Manciren sailkapena, sakrifizioaren garaipena ere bada. Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten bi gazte dira, eta aparteko orduetan zesta-puntari prestakuntza fisiko eta tekniko handia eskeintzen diotenak. Lanaren poderioz iritsi dira dauden lekura eta finala irabazi zein galdu, Jai Alai League-rako puntu oso garrantzitsuak eskuratuko dituzte Eusko Label Winter Series honetan.
Datorren astean, bide batez, final aurreratua ikusi ahal izango dugu. Erkiaga-Ibarluzea vs Laduche-Manci, finalerdietako ligaxkaren barruan. Sailkapena erabakita egon arren, finalera konfiantzaz iristeko partida benetan garrantzitsua. Urreisti eta Gorkaren kasuan, bi gazteak Estatu Batuetara itzuliko dira eta bi aste barru ligaxkako azken partida jokatzera itzuliko dira, Urrutia eta Basqueren aurka.





