Aritz Erkiaga Jai Alai League-ko lider bezala iritsiko da Lekeitiora eta lehen postu hori defendatuko du etxekoen aurrean. Sailkapenak erakusten duen moduan, aurten ere denboraldiko onena ari da izaten ispastertarra baina agian, iaz baino gehiago kostata. Jai Alai Leagueko lehen sei txapelketak jokatuta puntuak iaz baino banatuago daude aurten: Erkiagak, orain arteko Slam bakarra (Eusko Label Winter Series-a) eta Master bat irabazi ditu (Biscayne Cup, Florida), baina parte hartu duen beste bi txapelketetan aurkariak gailendu zaizkio: Pauen, Barandika-Lekerika eta Gasteizen, Urreisti-Lekerika.
Beraz, Lekeitiko Master Seriesa ezinbestekoa da Erkiagarentzat bere lehen postu horri sendo eusteko. Gorka Sorozabalekin jokatuko du, Johan eta Del Riorekin aurka. Apirilaren 12an izango da hori. Aurretik, larunbat honetan bertan, Urreisti eta Lekerika Gasteizko txapeldunek jokatuko dute, Barandika eta Ibarluzearen aurka.
Xabi Barandika gernikarra Lekeition jokatzeko programatuta dago baina azken unean erabakiko du, kantxaratzeko moduan dagoen ala ez.
Urreisti mutrikuarra eta Unai Lekerika berriz, indartsu iritsiko dira Lekeitioko Master Seriesera, Gasteizko finalean Erkiaga eta Del Riori irabazi ostean. Konfiantza handiarekin dago aurrelari mutrikuarra eta Lekerikaren kasuan, bi Master irabazi ditu jada, denboraldi honetan: Paue (Cesta de Nadau) eta Gasteiz (Araba Euskaraz).


