Bueltan dira astelehenetako zesta-punta jaialdiak, pilotazaleen zorionerako. Eusko Label Winter Series-ak bere 3. edizioa du aurtengoa, dagoeneko Jai Alai League-ren barruan txertatuta, baina sekula aurretik ez da izan orain bezain besteko ikusminik. Euskal Herri osoko 1.000 zalek baino gehiagok bazkide izatea erabaki dute, pilotarien izenak ezagutu baino lehen. Txapelketako partida guztiak jarraitu nahi dituzte eta oinarri oso sendo bat osatzen dute jardunaldi bakoitzerako. Kopuru horrek gora egingo du gainera, ia bi aste falta baitira txapelketa hasteko. “WINTER SERIES”-a gizarte fenomeno bat da jada. Jardunaldiz jardunaldi milaka pertsonek jarraituko dute, bai pilotalekuan bertan, bai telebistaz (astelehenero ETB 1-en) eta baita modu digitalean ere (Jai Alai League aplikazioaren bitartez)
ZORTZI BIKOTE ETA ZORTZI KOLORE
Bikote bakoitza kolore batekin identifikatuko da txapelketa osoan (gorria, zuria, horia, berdea, morea, beltza eta marroia) eta bi multzotan banatuta egongo dira:
A MULTZOA
Goikoetxea-Lekerika
Erik-Minvielle
Goitia-Basque
Olharan-Del Rio
B MULTZOA
Johan-Lopez
Erkiaga-Ibarluzea
Laduche-Gorka
Pro-Am
Guztira 16 jardunaldi jokatuko dira. Lehenengo hamabiak, ligaxkako partidei dagozkienak dira eta multzo bakoitzeko bi onenak finalerdietara sailkatuko dira. Finalerdiak kanporaketa erara jokatuko dira eta hortik aterako dira bi finalistak.
ZAZPI BERRIKUNTZA GOIKOETXEAREN AGURREAN
Pilotarien ia erdiak (16tik 7) berriak dira, aurreko edizioarekin alderatuta: Laduche, Gorka, Goitia, Erik, Ibarluzea eta Pro Am-eko bi garaileak. Berrikuntza handia da kirol ikuspegitik. Batetik azken hilabeteetako lesio eta erretiroek eraginda, baina horrez gain, pilotarien arteko lehia gero eta handiagoa denaren seinale ere bada. Konpetentzia gero eta handiagoa da zesta-puntan. Iaztik errepikatuko duten 9 pilotarietatik 3 -Johan, Del Rio eta Basque- nobedadeak izan ziren pasaden edizioan. Belaunaldi berri bat indartsu sartu da zesta- puntan, lekua hartzen ari da, eta gehiago datoz atzetik bultzaka.
Datorren urtean izango ez dena Goikoetxea da. Zumaiarrak eszenatokirik eta txapelketarik onenean esango dio agur zesta-puntari. Lekerikarekin jokatuko du bere agurrean eta bikote ona osatzen dute. Gernikan udako Grand Slama irabazitakoak dira duela bost urte. Orain berriz irabazi nahi dute baina Winter Seriesean. Publikoaren berotasuna oso gertutik sentituko duen bikotea da, inolako zalantzarik gabe, Goikoetxea eta Lekerikarena.
LAU BIKOTE, ZUMAIAKO PRO AM-EAN
Winter Seriesa, berez, Zumaiako Aitzurin hasiko da eta bihar bertan gainera. Zortzi pilotari daude, onenen artean sartzeko lehia estuan: Unai Uranga eta Cosme eta Gonzalo Aguirre zumaiarrak; Jokin Arbe eta Eñaut Salegi markinarrak; Mikel Manzisidor mutrikuarra; Ruben Bailo, noaindarra; eta Urko Lekerikabeaskoa, gernikarra. Hauetako bik izango dute soilik lekua Gernikan. Pro Am-eko bikote irabazleak.





