* Bi finalerdiak desenpatean erabaki dira.
* Datorren ostiralean Goitia-Atain eta Erkiaga-Lekerika bikoteek jokatuko dute finala.
* Giro itzela Santi Brouard pilotalekua eraberritu osteko lehen jaialdian.
Lekeitio Master Series-Jai Alai League
1. finalerdiak
GOITIA-ATAIN vs GOIXERRI-SALEGI: 15-12, 8-15, 5-0
LADUCHE-MANCI vs ERKIAGA-LEKERIKA: 15-7, 5-15, 4-5
Giro ezin-hobea frontoian eta emozio ezin handiagoa kantxan. Horrela ekin dio Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuak, frontoia eraberritu osteko garai berri honi. Iazko San Totomasetatik partida profesionalik hartuk barik egon da Lekeitio baina batez ere, teilatuko lanak konponduta, erantzun itzela eman dio herriak Master Seriesaren lehen finalerdiari. Zesta-zaleak gustora atera dira frontoitik, bi partida parekatu eta zirraragarri ikusi ostean.
Arratsaldeko lehenengoan, Alex Goitiandia « Goitia » eta Gorka Mugartegi « Atain »-entzat izan da garaipena, baina ez kosta gabe. Aurrean bikote oso gogorra aurkitu dute. Gogorra, eta pilota-gose handikoa. Ekaitz Mendizabal « Goixerri » mutrikuarra eta Eñaut Salegi markinarra. Azken honek txapelketa bikaina jokatu zuen bere herriko Master Seriesean eta horren ondoren, Gernikan eta Lekeition, bietan erakutsi du maila ona. Lehenengo setean galdu ondoren, Goixerri eta Salegi nagusi izan dira bigarrenean. Ekaitzek bere izaera borrokalaria erakutsi du eta Salegik, pilota zailak erraz sartzen dituela. Huts batzuk medio, desenpatean Goitia eta Atainentzat izan da 5-0 partida, baina porrota porrot, itxura eman dute gaur Goixerrik eta Salegik ere.

Bigarren jokoan, oso indartsu sartu dira kantxara Laduche eta Manci. Ezin esan bezperan Pauen jokatuta zaudenik! Iparraldeko txapelketen azken fasean daude, bai Ludovic eta baita Manci ere baina aurkariek baino agenda kargatuagoa izan arren, partidari erritmo altua ezarri diote. Erkiagari eta Lekerikari kosta egin zaie aurkarien azeleroi horri eustea (15-7) baina lehen seta galdu ondoren, Erkiagarik « artistena » agertu da kantxan. Aritzek bere erremate sorta zabala atera du, publikoaren gozagarri. Harmaila bete duten guztiek nahi zuten hirugarren seta, bai Erkiaga etxekoa delako eta baita, partidak jarrai zezan ere. Hirugarren eta azken jokoan launa berdindu dute bi bikoteek, Laduchen errebote bat 12 koadroan baztertuta saskiratu du Lekerikak baina une erabakigarrian bere eskuma atera, pilotari jaikia eragin eta Mancik ezin izan du pilota hori bere zestan sartu. Lekeition kalean geratuta, Laduchen eta Manciren erronka nagusia, datorren asteazkenean Biarritzeko Urrezko Xisterako finala irabaztea da. Pauen ere, bertako final handia jokatuko dute hilaren lauan.
Lekeition ostera, datorren ostiralean jokatuko da Master Serieseko finala. Jaialdia arratsadleko 19:00tan hasiko da eta lagunarteko norgehiagoka baten ondoren jokatuko da final handia: GOITIA-ATAIN vs ERKIAGA-LEKERIKA





