Mungian, gaur arratsaldean jokatuko dira Master Serieseko finalak. Eguraldi aurreikuspenen arabera, atzo baino 10 bat gradu gutxiago izango ditugu eta eskertuko dute hori, zaleek. Frontoia gainezka egongo da, sarrera gutxi batzuk besterik ez dira geratzen salgai eta lehen bi egunetako arrakastaren ondoren, erremate on bat besterik ez da falta. Mungiako apustua, arrakasta handia izan da eta datorren urtera begira daude jada antolakuntza zein herria. Baina lehenbizi, aurtengo txapeldunak erabaki behar dira.
Gizonezkoetan, Goixerri-Lekerika eta Erkiaga-Gorka bikoteak neurtuko dira. Goixerrirentzat, « garaipena » izan da finalera iritsi eta emaitza txarren boladari buelta ematea. Erkiaga eta Gorkaren aurka irabaztea zaila izango da baina Mungiako frontoiak 50m ditu eta Lekerikarentzat kantxa oso ona da. Erkiagak ere behar du garaipena. Denboraldi honetan hiru txapel lortu ditu: Berriatua, Durango eta Zumaia. Lopezekin Aitzurin irabazitako da Ispasterkoaren azken garaipen garrantzitsua.
Emakumeetan berriz, denboraldiko lehen txapela bilatuko du Maite Ortiz de Mendibil arabarrak. Maia Goikoetxearekin batera, Elaia eta Oaiaren kontra jokatuko dute. Partida guztiz irekita dago eta fisikoki ondo eustea, gakoa izan daiteke.

* MARKINA-XEMEIN GRAND SLAM
Ostiralean (19:00-tan) Markina-Xemeingo Grand Slameko 3. jardunaldia jokatuko da. GOITIA-BASQUE vs JAVIER-ZABALA (lehenak dira faborito nagusi) eta ondoren, BARANDIKA-IBARLUZEA vs TXANIKA-SALEGI. Azken bi hauek aurre-kanporaketa fasetik sailkatu dira baina lehengo astean eman zuten irudi onarekin, ezin da baztertu sorpresa ematea. Bi partiden irabazleek, Erkiaga-Atain eta Urreisti-Gorka izango dituzte finalerdietan zain.
* HONDARRIBIA CHALLENGER
2. mailako Challenger zirkuituan, larunbatean erabakiko dira (19h) Hondarribiko irabazleak. Hegoaldeko bikoteen porrotaren ondoren (Aaron-Unda eta Txanika-Bereau, kanporatuta), Iparraldeko bikote bat eta Hossegorreko beste bat neurtuko dira Jostaldiko finalean:
BONNIN-ITURRALDE vs BENETRIX-DELPUECH





