Ihart Arakistainek eta Arai Lejardik 2025-26 denboraldiko lehen txapela jantzi dute Bilboko Iron Cupean. Berriatua, Durango, Gasteiz, Zumaia eta Donibane Lohizuneko txapelketen ondoren, Iron Cup-en txanda iritsi da eta final bikaina oparitu digute lau protagonistak. Ikusteko ederra, joko bizikoa, erremate askorekin eta emozio ezin handiagoa markagailuan. Azkenean, desenpateko setean erabaki da txapela. Elaia eta Eneritz 4-2 jarri dira aurretik baina urdinek 3 tanto egin dituzte erreskan eta 4-5 irabazi dute final handia.
Lehen setean, Ihart sopelarra eta Arai markinarra izan dira nagusi. 6nako berdinketaren ondoren tartea zabaldu dute markagailuan eta min handia egin du Lejardik, atzetik bota dituen hormabikoekin. Gizonezkoetan aipatu dugun bezala, Deportivoko kantxa bizia da eta eskuinez jokatzen dakienak min handia egin dezake. Hainbat tantu egin ditu modu horretan Araik eta Ihart ere ausart ibili da aurretan, barruan eta hormabietan tantua amaituz. 9-12koa ere tanto ederra izan da. Elaiak lurretik eraman du erreboteko pilota oso zail bat baina Ihartek ez du barkatu eta txik txakean bukatu du tantoa.
Bigarren jokoan, goitik behera aldatu da partidaren argazkia. Elaiak eta Eneritzek defentsa oso ona egin dute eta ondo kolokatu dira, Araik eskuinez bota dituen pilotetara. Elaia aire sartzen ez bazen, Eneritzek arazo gabe saskiratzen zuen atzean eta arma hori gabe, urdinak jeitsi egin dira. Partida ederra jokatu du Lizardi mutrikuarrak eta ikusteko pilotari gozagarria da. Oso garbi jokatzen du, sartu eta bota, modu akonpasatu eta azkarrean. Aurrean, Elaiak bere genioa atera du eta 8 tanturen aldearekin nagusitu dira (15-7).
Hala ere, berriatuarrak ezin izan du Bilbon bere hirugarren titulua eskuratu jarraian. Oso gertu izan du, 4-2 aurreratu baitira azken jokoan. Baina urdinek buelta eman diote partidari eta denboraldiko lehen txapela jantzi dute.
Ligako sailkapenean Frida Watkinsek jarraitzen du lider (2.780 pt), Ihart bigarrena da (2.560) eta Erika Mugartegi hirugarrena (2.540 pt).
Astelehenean, Mungiako txapelketa aurkeztuko da (12:00tan frontoian) eta asteartean Markina-Xemeingoa (12.00tan frontoian), biak Ligarako puntuagarriak.





