Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea, Jai Alai Leagueko egungo txapeldunek, gaur hasiko dute denboraldia Berriatuako Mendibarren pilotalekuan. Euren herrian eta etxekoen aurrean jokatuko dute, baina elkarren kontra. Elaiaren kasuan, Eneritz Lizardi mutrikuarra izango du lagun eta Maiaren aurrelaria, Lur Lejardi izango da, Ligan lehen partehartzea izango duen markinarra. Elaiak eta Maiak, Mendibarrenen estreinatuko dute beraz, denboraldi honetan soinean eramango duten « Urrezko Gerrikoa » eta biharko partidaren irabazleak, Ihart Arakistain eta Arai Lejardiren aurka jokatuko du hilaren 9-ko finala. Azken hauek Erika eta Alize kanporatu zituzten, pasaden asteko finalerdian.
Gizonezkoetan, Barandika eta Zabala, Urreisti eta Lekerikaren aurka neurtuko dira. Lau hauetatik hiru (Barandika, Urreisti eta Lekerika) Eusko Label Winter Series txapelketako finalerdietan daude. Goi mailako partida beraz, eta garaipenak besteko garrantzia izango du, sentsazio onak eta konfiantza eskuratzea. Izan ere, astelehenean (urtarrilak 5, 19:30-tan) hasiko da Winter Serieseko finalerdietako ligaxka: Urreisti-Lopez vs Goitia-Lekerika.
Barandika, Ligako egungo txapelduna (Lopezekin batera), sailkapeneko lehena da Jai Alai Leagueko ranking-ean, 2.500 punturekin Lekerikarekin berdintuta. Denboraldi hasiera ona ari dira izaten, eta horren adibide dira Durangoko eta Paueko txapelak eta Winter Serieseko sailkapena. Berriatuan garaipena lortzen duenak, Erkiaga eta Aratz Goikoetxea gaztea izango ditu finalean zain. Gogoratu, aurten lehen aldiz, gizonezkoen Ligarako ere puntuagarria dela Berriatuko Master Seriesa.
Online sarrera guztiak agortuta daude, eta takilan bertan jarriko dituzte eskuragai, azken sarrera fisikoak.





