S’ouvre dans un nouvel onglet

Urreisti-Basque eta Sorozabal-Arai, ligako final handira!

16 septembre 2025

ARAKISTAIN-FRIDA vs SOROZABAL-ARAI
11-15, 15-12, 3-5

JOHAN-LEKERIKA vs URREISTI-BASQUE
11-15, 6-15

Urreisti gipuzkoarrak eta Basque lapurtarrak nagusitasun osoz irabazi dute Final Four-eko finalerdia eta Ligako titulua eskuratzeko hautagaitza sendoa aurkeztu dute. Mahai gainean kolpea eman dute, harmailetan giro ederra bizi izan duen Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan. Argi eta foku artean atera dira kantxara lau pilotariak eta baina distira egin dutenak, Eñaut eta Thibault izan dira.

Donostiakoa frontoi luzea da. Pilota motela ateraz gero, Basquerentzat perfektua. Kontrakoa gertatzen zaio Lekerikari. Eskumarekin min egitea zaila da, materiala bizitzen ez bada eta defentsan aritzea egokitu zaio gernikarrari. Horrek, errematatzeko aukerak eragin dizkio Urreistiri eta mutrikuarrak ez du hutsik egin.

Berdinduta hasi da partida. 4-2 ere jarri dira aurretik Johan eta Lekerika. Biarritzarraren lehen erremateak eragin du harmailaren lehen txalo zaparrada ere. Baina bosnakoaren ondoren, lehen aldiz aurretik jarri dira partidan Urreisti eta Basque. Behin aurrea hartuta, erritmoa markatu dute eta aurkariak, apurka apurka, mendean hartzen hasi dira. Lehen atsedenaldira bi tantu aurretik iritsi dira, Basquez zortez egindako tantu bati esker (pica y vete, ezker paretean ikutu, jaikia barruan egin eta zabalean ezkutatu da pilota). Johan Sorozabalek, sake errestoan egin ditu tantu batzuk baina 9-10 urreratu arren, marroiek ez dute partida berdintzea lortu. Basquek txula perfektoa sartu du (9-11), Urreistik hormabiko batekin aldea handitu du (9-12) eta gipuzkoarrak tanto bikaina egin du errebotetik zabalera botata (9-13). Lehen jokuko azken tantuak erakutsi du ondoen, bikote morearen estrategia: lehenbizi tantoa dominatu, Johanek behartuta erreboteatu behar, Urreistik aurrean pilota bilatu eta tantua amaitu (11-15).

Lehen setaren ondoren, hazi egin dira moreak eta uzkurtu marroiak. 0-5 eta 1-7 jarri dira aurretik Urreisti eta Basque. Ez da dominatzea bakarrik. Pilota zailenak ere eraman egin dituzte, batez ere Basquek, errebote oso zailak. Johanek eta Lekerikak tanto itzel baten ondoren lortu dute bere bigarren tantua (2-7) baina aurkarien menpe egon dira uneoro. Aurrean tantu sorta handia egin du « Mutrikuko Galernak » eta Basque ere hazi egin da, jokoz, konfiantzaz eta moralez. Alde handiz irabazten joanda ere, Johanen erremate batera korrika iritsi eta tantua dominatu du, ondoren Eñautek aurrean amaitu zezan (5-13) eta horma-biko batekin ere ausartu da bidartarra (6-14). Azkenean, 6-15, garaipen argia eta konfiantza ematen duen horietako, hilaren 29ko final handiaren atarian. Erkiaga-Gorka edo Barandika-Lopez izango dituzte Ligako titulurako aurkari.

Sorozabal eta Arai, desenpatean nagusi

Emakumeen finalerdia oso gogor eta berdindua joan da. Lehen setean, 2-2, 3-3, 5-5, 6-6, 7-7, 8-8 eta 9-9 berdindu dute. Arai Lejardi markinarrak ez du hutsik egin eta Oihana Sorozabalek maila oso ona eman du, pilota atzera indartsu bota eta aurrean ere, sahietsetik errematatuz. Lehen jokoa 11-15 irabazi du bikote zuriak eta bigarrena ere dominatuta izan dute. 4-8 joan dira aurretik baina Arakistainek eta Fridak ez dute etsi. Bi tantura gerturatu dira lehenik (8-10), eta konfiantza itzela eman die hurrengo tantuak. Tantu borrokatu eta luzea, pilota oso zailak sartuz. Azkenean Frida zumaiarrak hormabikoa bota du zortzi kuadrotik, tantu batera jarri eta txalo zaparrada handia jasoz. Bikote zurian zalantzak agertu dira, huts bana egin dute Sorozabalek eta Lejardik eta aurkariak aurretik jarri dira (12-11). Arakistainek eta Watkinsek ez dute aukera pasatzen utzi eta 15-12 irabazita, desenpatea behartu dute.

Bost tantura jokatu dute final handirako txartela. Bana, bina eta hiruna berdindu dute, Araik zabalean pilota zail bat sartu eta tantua egin du ondoren (3-4) eta azken tantua ere bikote zuriarentzat izan da (3-5). Datorren astean ezagutuko dituzte finaleko aurkariak: Maite-Maialen edo Elaia-Maia. Guztien helburua, emakumeen lehen Jai Alai League-ko titulua eskuratzea.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen