📌 Astelehenean hasiko dira gizonezko eta emakumezkoen Zumaiako Master Seriesak eta San Telmo egunean jokatuko dira finalak.
📌 Imanol Lopez, Frida Watkins eta Unai Uranga zumaiarrek jokatuko dute, Jai Alai Leagueko proba puntuagarrian.
📌 Zumaiako txapelketa garrantzitsua da Ligako rankingera begira eta hiru astelehenez jokatuko da: apirilaren 14, 21 eta 28an.
📌 Barandika Zumaian berragertuko da eta Erkiagak eta Urangak iazko txapela defendatuko dute.
📌 Bete beteko apirila Jai Alai League-an: Lekeitio jokoan, ostegunean Donibane Lohizuneko “Cesta All Star” eta astelehenetik aurrera Zumaia.
Sarrerak eta bonoak salgai daude www.eramanjaialai.com webgunean.
Jai Alai League, zesta-puntako zirkuitu profesionala Zumaiara iritsi da. Gertuko historian gorengo mailako pilotariak eman dituen herria da eta aitzakiarik gabeko frontoi ederra duena: Aitzuri pilotalekua. Bertan entrenatzen edo entsaiatzen dute Fridak, Urangak eta Lopezek eta apiril honetan, San Telmoen bueltan, Ligako txapelketa ofiziala jokatuko dute herrian. Finalerdiak apirilaren 14 eta 21ean eta final handiak San Telmo egunean, apirilaren 28an. Guztiak ere astelehenak.
Gauzak horrela, Zumaiako Master Seriesak iaz baino jardunaldu bat gehiago izango du, hiru guztira, eta lehen aldiz jokatuko da emakumeen zesta-punta txapelketa profesionala. Zesta puntaren aro berri honetan, Zumaia presente dago Jai Alaiaren mapan eta Ligako puntuak banatzeko frontoi erabakigarria izango da Aitzuri pilotalekua. Iaz, musika eta speakerraren formatuaren aldeko apustua egin zen eta giro berezia sortu zen Aitzuri pilotalekuan. Itzelean pasa zuten zaleek eta frontoiak itxura bikaina erakutsi zuen, batez ere San Telmo egunean.
Uranga, iazko txapela defendatzera
Unai Uranga herriko atzelariak Zumaian jokatzeko aukera izango du aurtengo honetan ere. Normalean ez ditu Jai Alai Leagueko partidak jokatzen baina iaz garaile izan zen Erkiagarekin batera eta txapel hori defendatzeko aukera izango du aurtengoan. Lehen partida apirilaren 21an jokatuko dute, Barandika eta Zabalaren aurka. Gernikarraren berragerraldia izango da, martxoan Gasteizen lesionatu ostean.
Imanol Lopez, Jai Alai Leagueko egungo txapelduna
Pilotari beteranoa da Imanol Lopez baina 41 urte bete berritan, oraindik gai da gorengo mailan jokatzeko. Agian ez da duela urte batzuetako pilotari apurtzailea, partidak erraz erabakitzen zituen hura baina hiru ezaugarri ezinhobe ditu: pilotan jokatzeko erreztasuna, esperientzia eta partiden kudeaketa. Imanol Lopez pilotari bikaina da eta bere helburua, udako sasoiaren atarian, Ligarako puntuak batzen hastea da. Bera da, Barandikarekin batera, Jai Alai Leagueko egungo txapelduna eta Zumaian irabazita estrainatu nahi du, aurtengo denboraldiko palmaresa. Jean Olharanekin jokatuko du, Urreisti eta Manci mutrikuarren kontra. Azken hauek ere, ez dute animo faltarik izango.
Frida Watkins, emakumeetan erreferentzia
17 urterekin, emakumeen zesta punta erreferentzia bihurtu da Frida Watkins zumaiarra, belaunaldi horretako gainerako pilotariekin batera. Historian lehen aldiz, emakumeen Jai Alai League-a eratu da eta Lopezen moduan, Watkinsek ere herrian jantzi nahiko luke denboraldiko lehen txapela. Berriatuko Mastersean gertu izan zuen helburua baina galdu egin zuen finala. Lekeition ere, finalerako sailkapena lortu du (Ostegun Santuan da finala) eta orain, Zumaian, Ihart Arakistain sopelaztarrekin izango du horretarako aukera.
Barandikaren berragerpena
Zumaiako bertako pilotariez gain, Xabier Barandikaren berragerpena da Zumaiako Master Serieseko albiste nagusia. Martxoaren 14an izan zuen belauneko lesioa Gasteizen baina hasieran uste baino larritasun gutxiagokoa. Zaintiratu edo distentzioa. Buruz buruko finala eta Lekeitioko Mastersa ere galdu ondoren, Aitzurin izango du lesio osteko lehen partida apirilaren 21ean, Zabalarekin batera.
Bete beteko hilabetea Jai Alai League-an
Jai Alai League-ari dagokionez, bete beteko hilabetea ari da izaten apirila. Une honetan jokoan dago Lekeitioko Master Seriesa, ostegunean hasiko da Donibane Lohizuneko “Cesta All Star“ txapelketa eta astelehenean Zumaiakoa. Hiru txapelketa batera, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostako hiru herritan.

Zumaia Master Series
Apirilak 14, astelehena (19:00tan)
IHART-FRIDA vs O. SOROZABAL-MAIALEN
OLHARAN-LOPEZ vs URREISTI-MANCI
Apirilak 21, astelehena (19:00tan)
ELAIA-OAIA vs HELENA-MAIA
ERKIAGA-URANGA vs BARANDIKA-ZABALA
Apirilak 28, astelehena. SAN TELMO (19:00tan)
FINALAK
🎟️ BONOAK ETA SARRERAK
Hiru egunetarako bonoak salgai daude jada www.eramanjaialai.com webgunean eta jaialdi bakoitzerako sarrerak gaurtik aurrera egongo dira eskuragai weborri berean.





