10. jardunaldia (B multzoa)
ERKIAGA-IBARLUZEA vs LADUCHE-GORKA
Kale edo bale. Partida erabakigarria da jardunaldi honetakoa. Zenbakiei begiratuta gauzak oso argi daude. Laduchek eta Gorkak 2-0 irabazi behar dute, sailkapenerako aukeraren bat izateko. Erkiagak eta Ibarluzeak nahikoa dute bihar set bat irabazita. Baina helburu hori lortzen ez badute, gauzak asko okertuko zaizkie. Finalerdietarako sailkapena ez litzateke beraien eskutan egongo, B multzoko azken partidan baizik. Izan ere, Laduchek eta Gorkak azken kartutxo bat daukate dagoeneko kalean diren Arbe eta Manciren aurka.
Berriatuan buruz-buruko txapela jantzi bezain laster, astelehenera begira jarri zitzaigun Erkiaga, partida osteko solasaldian. Beste batzuek ere Aritzen moduan ikusten dute. « Partida konplikatuta ».

Non egongo da gakoa? Hasiera batean argi dago bikote berdeak hartuko duen estrategia. Ibarluzea « bonbardeatzen » ahaleginduko dira eta arrakala sortuz gero, garaipenerako bidea hartzen. Ibarluzeak orain arte eutsi egin dio. Aritzek asko lasaitzen du, konfiantza ematen dio, eta ispastertarrak hartzen du partidaren ardura. Pilota atzera asko botatzeak badu bere kontrako aldea, batez ere Erkiagaren aurka. Pilota errebotetik ateratzen bada, aurrelari bizkaitarrak ikaragarrizko mina egin dezake.
Edozein kasutan, Laduche eta Gorka Sorozabalen plana uste baino zailagoa da. Pilota guztiak Ibarluzeari botatzeko, partidaren iniziatiba eurena izan behar da eta hori gauza zaila da parean Aritz Erkiaga daukazunean.
Lortu beharreko helburuak ere ez dira berdinak. Berdeek bi set eta huts irabazi behar dute, eta arrosek nahikoa dute joko bakarra eurenganatzea.
Ikusmin handia dago biharko partidari begira. Erkiaga eta Ibarluzea « etxekoak » dira baina Laduche eta Gorka Sorozabal publikoaren oso gustuko pilotariak dira.
Sarrerarik ez duzuenek, beti bezala, ETB 1-en eta EITB.EUS-en ikusi ahal izango duzue partida erabakigarri hau, 22:15tatik aurrera.





