* Bigarren partida 2-0 irabazita, euren esku dago finalerditara sailkatzea.
* Johanek eta Ibarluzeak hanka t’erdi daukate Winterretik kanpo, baina matematikoki aukerak dituzte oraindik.
* Salegi, partidako pilotari onena (MVP)
Lehen jardunaldi garrantzaren ostean, iritsi da Erkiaga eta Salegiren hoberako aldaketa. Batez ere Erkiagarena. Ispasterkoa da zesta-puntako izar nagusia eta urriko azken asteleheneko porrotak, lotura zuzena izan zuen berak emandako ez-ohiko mailarekin. Bigarren partida honetarako, goitik behera aldatu da ispastertarra eta Salegik bikain lagundu dio. Aste barruan egindako prestaketa aipatu dute, aldaketa honen azalpen gisa. Bien arteko konexioa ona da eta «match ball» bat salbatu dute, Winterretik kanpo geratzeko arriskua, momentuz, aldenduz. Olharanen eta Gorkaren aurka itxi beharko dute sailkapena, oraindik datarik ez duen partidan.
Johan eta Ibarluzea berriz, ia kalean daude. Bere esperantza bakarra, beraien azken partida irabazi eta Olharanek eta Gorkak ere, euren bi neurketak irabaztea da. Zaila da, baina ez da hain korapilatsua. Gaurko partidan, garrantzia handia izan du neurketaren hasierak eta lehengo asteko mamuak agertu zaizkio Ibarluzeari. Konfiantza falta horrek, behartu gabeko pilotak galtzera eraman du markinarra, nahiz eta ondoren, sendoago agertu. Erkiagak berak ere, Johan sahiestu eta atzean bilatu du tantua. Zortzi tantuko aldea ere lortu dute, Erkiagaren txik-txak bati esker (12-8). Bien bitartean, Eñaut Salegi, konfiantzaz aritu da, pilota asko sartzen, Erkiagarekin hitz egiten eta pilota ondo atzeratzen.
Seta ia itxita zutelakoan, lehen joko hori bukatzea kosta zaie pantera arrosei. 14 eta 12ra urreratu dira marroiak baina ez dute berdintzerik lortu (15-12). Bigarren jokoa parekatuagoa izan da, nahiz eta arrosak izan diren beti aurretik. Bina, bosna, seina eta zortzina berdindu dute. Momentu horretan, bi tantu garrantzitsu jokatu ditu Salegik. Lehenengo, gainetik pasatako pilota oso zail bat, esku bakarrarekin saskiratuz (10-8); eta hurrengo tantoa, eskuinez bukatuz (11-8). Pilota biziarekin eroso aritu da markinarra baina nahiz eta Johanek sakean asko ez asmatu, marroiak tantu batera jarri dira (13-12), Ez da nahikoa izan. Erkiagak prest izan du bere eztena, momentu egokian, aurkariari ziztada egin eta odola ateratzeko.
Abenduaren 7an jokatuko da A multzoko hurrengo partida (Goixerri-Lekerika vs Olharan-Gorka). Adi jarraitu beharko dute emaitza Erkiagak eta Salegik. Horren aurretik, B multzoko bi jardunaldi ditugu:
Azaroak 23: Urreisti-Atain vs Laduche-Manci
Azaroak 30: Goitia-Oyhenard vs Barandika-Basque
A MULTZOA
1. Goixerri-Lekerika 4 pt (+9)
2. Erkiaga-Salegi 4 pt (-3)
3. Olharan-Gorka 3 pt (+6)
4. Johan-Ibarluzea 1 pt (-12)
B MULTZOA
1. Barandika-Basque 4 pt (+16)
2. Urreisti-Atain 3 pt (+2)
3. Goitia-Oyhenard 1 pt (-2)
4. Laduche-Manci 0 pt (-16)




