Se abre en una pestaña nueva

Hiru debutari 6. Winter Seriesaren hasieran!

25 de octubre de 2026

* Ikusmin itzelarekin eta sarrera guztiak agortuta hasiko da Eusko Label Winter Seriesaren 6. edizioa (Gernika, 18:00h).
* Aurtengo hiru debutariak lehen jardunaldian estreinatuko dira: Oyhenard, Atain eta Salegi.
* Zesta puntako txapelketa garrantzisuenarekin hasiko da Jai Alai Leagueko denboradi berria.
* ETB 1-ek astelehen gaueko 21:45tan emango ditu Winter Serieseko 16 jardunaldi. Final handia larunbat gauean jokatuko da (otsailak 13).

Eusko Label Winter Series, 6. edizioa/1. jardunaldia
Gernika Jai Alai, 18:00tan (ETB 1, 21:45tan)

URREISTI-ATAIN vs GOITIA-OYHENARD
ERKIAGA-SALEGi vs GOIXERRI-LEKERIKA

Badator jada Eusko Label Winter Seriesaren 6. edizioa. Lehen urteko arrakastaren ondoren, «zenbat iraungo du honek?», hori zen galdera nagusia. Bada sei urte hauetan ez da Winterraren aparra jaitsi, kontrakoa baizik. Aurtengoa da orain arteko ikusmin handiena eragin duena eta Jai Alai League-a ere erabat egonkortuta dago, zesta-punta profesionaleko urte osoko egutegiarekin. Denboraldiak 11 hilabete irauten ditu eta irailean Donostiako Karmelo Baldan erabakitzen da Liga titulua. Baina Winterra, Winterra da. Oraingoz behitnzat, zesta puntaren eskaparate nagusia. Bertan jokatzeko aukera duen pilotariak, Winterrean erakutsi behar du bere maila. Frontoia 16 astelehenez egongo da beteta (+ larunbat gaueko final handia) eta puntistak, frontoirik eta txapelketarik exigenteenean eman behar du maila.

Pilotariak badaki, izenak izen eta txapelketak txapelketa, bere jokoa Winterrean demostratu behar duela. Txapelketa honetan batzen dira, presiorik, foku mediatikorik eta kaleko komentariorik handienak eta aurten hiru pilotari berrik izan dute eskaparate nagusian sartzeko aukera: Guillem Oyhenard (Arrokiaga/Zuberoa, 1999), Gorka Mugartegi «Atain» (Markina-Xemein/Bizkia, 2004) eta Eñaut Salegi (Markina-Xemein/Bizkaia, 1990). Hirurek jokatuko dute lehen jardunaldia.

* Urreisti-Atain vs Goitia-Oyhenard

Partida orekatua da bi bikote oso interesgarriren artean. Aurrean bi pilotari bizi eta elektriko, oso estilo ezberdinetakoak. Eñaut Urreisti buruz-buruko egungo txapelduna (Mutriku, 2004): errebesista, errematatzailea, punpa-gora pilota sartzen abilidade itzela duena, tantua dominatzera pasatuz; eta Alex Goitiandia (Markina-Xemein, 2001): eskuma indartsuko pilotaria, pilotakada batean dominatzera pasa daitekeena, hanka oso bizkorrekoa eta publikoarekin konexio berezia lor dezakeena. Atzean, belaunaldi bereko bi pilotari eta oso ezaugarri antzekodunak. Gorka Mugartegi «Atain» (Markina-Xemein, 2004) eta Guillem Oyhenard (Arrokiaga, 1999). Planta oso onekoak, indartsuak, golpe freskokoak eta Ligan lehen pausuak ematen hasitakoak biak. Segurtasuna da bien erronka nagusia eta pilota gutxien galtzen duen atzelariak, abantaila garrantzitsua atera diezaioke besteari.

* Erkiaga-Salegi vs Goixerri-Lekerika

Winterreko 5 ediziotatik 3 irabazi ditu Aritz Erkiagak eta abantaila emanda. Oraingoan Eñaut Salegi «debutari esperientziaduna» izango du atzean lagun. Aritzentzat, Salegi ez da ezezaguna. Badaki nola jokatzen duen eta zer eska diezaiokeen. Biak dira oso pilotariak baina Gernika frontoi exigentea da. Erkiaga Argentinatik iritsi berri egongo da eta Buenos Aireskoa baino 21 metro luzeagoa den frontoian jokatzen. Bikote moduan entsaiatzeko ez dute denbora askorik izan, baina ezta Goixerrik eta Lekerikak ere (aurrelari mutrikuarra Floridatik dator). Gernikako pilotalekua gainera, konponketa lanetan izan da azken egunetan eta lehen jardunaldikoek, pilotakada asko bota gabe ekin beharko diote lehiari.

Erkiagak buruz-buru bezala, Lekerikak munduko txapelketa irabazi du binaka baina astelehenekoa beste mundu bat izango da. Gernikakoa frontoi eta txapelketa oso exigentea da eta lehen jardunaldiko bigarren partidak ere ez du pronostiko argirik. Hori bai, txapelketa galtzen hasteak aldapa gora ekitea esan nahi du eta garaipen batek, konfiantza emango dio bikote irabazleari. Multzo bakoitzetik bi bikote iragango dira finalerdietako ligaxkara eta lehia oso gogorra da.

A MULTZOA:
Erkiaga-Salegi, Johan-Ibarluzea, Olharan-Gorka, Goixerri-Lekerika

B MULTZOA:
Urreisti-Atain, Laduche-Manci, Goitia-Oyhenard, Barandika-Basque

* Urriak 26, 1. jardunaldia:
Urreisti-Atain vs Goitia-Oyhenard
Erkiaga-Salegi vs Goixerri-Lekerika.

* Azaroak 2, 2. jardunaldia
Laduche-Manci vs Barandika-Basque

* Azaroak 9, 3. jardunaldia:
Olharan-Gorka vs Johan-Ibarluzea

Hurrengo jardunaldiak: beranduago jakinaraziko dira

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen