Faboritoak jaun eta jabe izan dira Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan, Jai Alai Leagueko lauko finalaren lehen jardunaldian. Partida serioa planteatuz, sailkapeneko lehenengoak izan direnek ez diete aukerarik utzi Ligako laugarrenei. Barandika-Basque eta Elaia-Arai bikoteak irailaren 28ko final handian izango dira eta Xabik eta Elaiak, egungo titulua, «Urrezko titulua» defendatzeko aukera izango dute. Aurreko bi edizioak, Ligan laugarren sailkatuta irabazi ditu aurrelari gernikarrak, liderren aurka garaipena lortuta. Aurten, lider gisa iritsi eta final handira sailkatu da, Johan eta Manci laugarrenak kaleratuta.
Datu batek ondo laburbiltzen du, gizonezkoen finalerdian gertatutakoa. Barandikak 100 pilotakada bota ditu eta Johan Sorozabal bere aurkariak, 60 pasatxo. Diferentzia handia egon da bi aurrelarien artean, Barandikak eta Basquek atzera kargatu baitute jokua, Johanen arriskua sahiestu eta Manci kastigatzeko.
Set bien kasua, hasiera ona izan dute Johanek eta Mancik baina atsedenalditik aurrera partida apurtu egin dute faboritoek. Ez da erremate askoko partida izan (datorren astean kontrakoa espero dugu Erkiaga eta Urreistirekin), baina bai intentsitate eta abiadura handikoa. Partida hasierarako bi tantu eginak zituen jada Mancik, hauetako bat txulara bikain botatako pilota. Bosgarren tantura arte aurretik izan dira urdinak baina apurka apurka, piloteoan eta intentsitatean nagusitzen hasi dira Barandika eta Basque. Bikote oso indartsua eta orekatua osatzen dute. Harreman ona daukate, komunikazioan ikusten da hori. Eta makina hori martxan hasten denean, oso zaila da gelditzea. Errebotez min egin du Barandikak (bost tanto guztira) eta 10 eta 5ra joan dira, zazpi tantu erreskan eginda. Johanek eta Mancik aldea moztu dute hiru tantura urreratuz (12-9) baina Johanek sake falta batek eta Mancik kanpora botatako horma-bikoak, erabakita utzi dute seta, Basquek eskumaz bukatu duena.
Bigarren jokoari hasiera emateko, tantu ederra egin du Johan biarriztarrak. Bere burua lurrera bota eta bi pareta bota du errebotean (0-1). Barandikak, txokoan engainatuz erantzun dio lehenik, eta hormabiko bikain bat jaurti du ondoren (3-3). Berdinketaren ondoren, jokoa atzean kargatzen jarraitu dute horiek eta estrategia horrek emaitzak eman dizkie. 10 eta 6rako partida jada hautsita egon da, markagailuan atzetik zirenak ezinean aritu dira behartu gabeko hutsak eginez, eta Barandika eta Basque kontrara: haizea fabore eta partidako tanturik onenak eginez. Tanto biren faltan, publikoari beste horma-biko ikusgarri bat eskeini dio Barandikak (txik-txakean eta moztuta ere egin ditu tantuak) eta lehenengo setean bezalaxe, Basquerena izan da azken pilotakada, eskuin indartsuarekin atzean amaituta (15-7).
Aurrez esan bezala, datorren astelehenean oso bestelako finalerdia espero dugu. Erkiaga eta Urreisti, bi aurrelari errematatzaile dira. Atzean, Gorka Sorozabal eta Unai Lekerika izango dituzte lagun. Erkiagak eta Gorkak badakite zer den Liga titulua irabaztea, beraiena izan zen 2022-23 denboraldiko Jai Alai Leaguea.

* Elaia eta Arai, final handira
Emakumeetan, Elaia Gogenola eta Arai Lejardi Jai Alai Leagueko final handian izango dira. Iaz elkarren aurka jokatu zuten Ligako titulua (Elaiak Maiarekin, Araik Sorozabalekin) eta aurten, bikote oso indartsua osatuko dute irailaren 28ko final handian.
Gaur, argi ikusi dute non zegoen partidaren arriskua. Lur Lejardi aurrelari arriskutsua da eta egun ona badu, edonori irabaz diezaioke. Arrisku hori sahiesteko pilota atzera botatzea izan da gakoa. Oreka handia egon da Elaiaren eta Arairen pilotakada kopuruan, baina Oaia Otañok, bere aurrelariak baino askoz pilota gehiago sartu eta bota behar izan ditu.
Partidari bide onetik ekin diote Lurrek eta Oaiak (1-4) baina berehala eman diote buelta Elaiak eta Araik (5-4). Jokoa atera kargatuta, Oaiaren hutsak behartu dituzte eta baita Lurrengan etsipena eragitea ere. Sartu nahi eta ezin, gauza okerra da hori, eta ondoren sartutakoan, gauzak ongi egitea zaila. 10-6 eta 15-7, eroso irabazi dute moreek lehen seta.
Bigarrenak ere hasiera berdindua izan du (bikaina 2-1ekoa egiteko Lurrek txokoan egin duen ñakua), 4-1koa Araik egin du eskuinez, 5-3koa Oaiak ezker horman baztertuta, 6-3koa Araik horma-bikoz, Elaia Gogenolak egin du moreen zazpigarrena kontraerasoan eta 8-5 iritsi dira atsedenaldira Berriatuko aurrelariaren txapa-gaineko bikain bati esker. Bigarren joko honetan, jokoan gehiago sartzeko aukera izan du Lurrek eta tanto batera ere urreratu dira (8-7). Tanto borrokatuak jokatu dituzte hortik aurrera eta Elaiak urrunetik arriskatu behar izan du, tanto gogorrari bi paretarekin amaiera eman eta 12.a egiteko (12-9). Urdinek partidari eutsi nahi izan diote eta atzelari mutrikarrak ezker horman baztertuta ere lortu ditu tantoak. Hala ere, moreek ez diete aukerarik eman. Lurrek, oso ausart, hormabikoa bota baina Elaiak jokaldi berarekin erantzun dio (14-10). Aurrelari markinarrak, saiatzen jarraitu eta txik txakera bota du ederto (14-11) baina bi pasa jarraian atera ditu eta hor bukatu da partida (15-11).
Elaia eta Arai, final handian izango dira, aurtengo honetan elkarrekin. Datorren astean ezagutuko dituzte aurkariak: Maite-Frida (Ligako 2.ak) edota Ihart-Maia (3.ak).





