Se abre en una pestaña nueva

Atainen lehen txapel handia, Erkiagarekin eta etxean!

17 de julio de 2026

Kargatzen

* 22 urteko atzelari markinarrak txapelketa biribila jokatu du eta herritarren aurrean jantzi du, bere ibilbideko lehen txapel handia.
* Bere adina, gorputza eta jokua ikusita, ibilbide oparoa espero zaio Gorka Mugartegi «Atain»-i.
* Emakumeetan Elaiak eta Araik irabazi dute txapela, aurkariek erreztasun handiegiak emanda.

Beroa eta jendetza izan dira gaur protagonista Markina-Xemeingo Karmen Egunean. Figura handi asko harmailetan, asko Ameriketatik etorrita. Alex Rekalde markinarra, Ernesto eta Andoni Arriaga bolibartarrak, Imanol Lopez erretiratu berria eta Alex Solozabal Ermuako pilotari handia. Gaur bete ditu 90 urte, frontoian eta lagunekin, Miamitik etorri berritan. Kantxan ostera, Erkiaga eta Atain izan dira protagonista gizonezkoen finaletan. Erkiagagatik asko esanda eta idatzita dago jada, ez hainbeste, txapelketa biribila egin duen Gorka Mugartegi «Atain» gazteagatik.

22 urte, 1’90 metro eta 90 kilo. Gorputz eta sasoi itzelak ditu Atain gazteak. Izaeraz mutil noblea, enpresaritza ikasketak egina eta pilotan, atzeko koadroetan agintzera pasatzeko ezaugarriak dituena. Karmen egunean eta Erkiagarekin jokatzea, presioa da baina azterketa hori ere nota onarekin gainditu du Atainek. Harmailetan animo asko izan ditu beste markinarrak ere, Eñaut Salegi beteranoak, Txanikarekin batera sorpresa emanda iritsi baitira finalera, eta azken ezustekoa emanda, txapela jantzi nahi izan dute. Ez dira urruti ibili baina Erkiagak eta Atainek ez diete utzi. Ispasterko maisua gaur berragertu da, Biarritzeko hitzordua bertan behera utzi eta gero, baina sakea ateratzerakoan ikusi zaio, besoa ez duela behar besteko ondo. Jokatzeko moduan bai, baina mugatuta. Askotan hala izaten da kirolean. Txanikak ondo aprobetxatu du Erkiagak sakearekin izan duen muga eta aire sartuta, hainbat tantu egin dizkio. Atainek ere, huts batzuk egin ditu hasieran, urduritasunak eraginda, baina berehala hasi da bere jokoa egiten. Eskuinez zein errebesez oso indartsu, eta piloteoan aginduz.

Lehen setean, Txanika eta Salegi bi tantu aurretik iritsi dira atsedenaldira (6-8) baina momentu erabakigarrienean agertu da Erkiaga. Aritzen erremate batek, Txanikaren hutsak eta Erkiagaren errebote eder batek, markagailua irauli dute, irauli beharreko unean (12-10). Ispasterkoak ez du gaur hainbeste asmatu «eskapadaz» egindako horma-bikoetan. Baina aurkariak urreratu direnean (12-11) berriro atera du errebotea, Salegi gainetik pasatzeko. 14-11koarekin, sakera sartu zaio berriz Txanika (14-12) baina erremate batekin, 15.a egin du Aritzek (15-12).

Bigarren setean ere, horiak jarri dira aurretik 2-6 gainera, baina Erkiagak eta Atainek berehala lortu dute berdinketa 6-6 eta marroien zazpigarrena, Erkiagak kategoria handiz egindako zabalekoa izan da. Horiak aurretik jarri dira berriz (7-8) baina momentu erabakigarrian, berriz ere, azeleragailua zapaldu eta Aritzen magia agertu da. Errebesez, hiru aldiz utzi ditu aurkariak «zubian» (bi errebote eta sahietseko bat), Atainek eskumaz egin du 13-10ekoa baina horiek azkenera arte estutu dute. 13-13 berdindu ondoren, pilota bat asko baztertu zaio Salegiri (14-13) baina Txanikaren errebote batek azken berdinketa jarri du markagailuan (14-14). Hamalaunakoan, Erkiaga pilota batera sartzen ahalegindu da, publikoaren zati batek ikutu egin duela eskatu du, baina epaileek ez dute hala ikusi, ezta Euskal Telebistaren irudiek ere. Azkenean, Erkiagak berak amaitu du tantua (15-14).

Atain gaztearentzat txapel oso garrantzitsua da, bere ibilbideko handiena baita. Erkiagarentzat berriz, aurtengo lehen titulu garrantzitsua. Orain arte ez du Slam kategoriako txapelik atera 2025-26 denboraldian, gaur arte. Ez da denboraldi erraza izaten ari Aritzentzat baina gaurkoan, artistatik eta aztitik, bietatik duela erakutsi du. Kalitatea eta inteligentzia. Zapatuan Gernikako Grand Slama hasten da eta ikusi egin behar, nola doan eskuin beso horren eboluzioa.

Txanikari eta Salegiri dagokionez, txapelketa oso ona jokatu dute. Sorpresa eman dute eta aurre-kanporaketak zenbatuta, 4 garaipen eta 2 porrot izan dituzte. Galdutako biak, Erkiaga eta Atainen aurka.

* Elaia eta Arai, erraz txapeldun

Emakumeen kategorian ez da nahi bezalako finala atera. Elaia eta Arai oso nagusi izan dira, aurkarien huts eta erreztasunek eraginda. Finalerdietan partida ederra jokatu arren, ez da Lur Lejardi markinar biziaren eguna izan eta aurkariak, pilota «buena» eraman eta gauzak zuzen egitera mugatu dira.

Partidak ez du hasiera ona izan, sei hutsegite izan baitira jarraian (5-1) eta zazpigarren ahaleginean etorri da egindako lehena. Lur Lejardik aurreko tantuen arantza atera eta errebotez egindakoa (5-2). Arai Lejardi ahizpak eskumaz egin du hurrengoa (6-2) eta Elaia Gogenolak zazpigarrena, hormabikoz (7-2). Moreek zortzi tantuko aldea hartu dute (11-3), Elaiak bi paretez egina. Lurrek txapa gainean moztuta egin du urdinen laugarrena (12-4) eta set bukaera txukuntzea ere lortu dute (15-6).

Bigarren jokoari hasiera bortitza eman diote moreek (11-2) eta alde horrekin, partida guztiz erabakita geratu da (15-3).

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen