Urreisti-Gorka eta Erkiaga-Atain bikoteek ez dute hutsik egin. Faborito ziren gaur eta faborito gisa, 2-0 irabazi dute gaur, finalerdietara multzo-buru sailkatuta. Horrek esan nahi du, beste multzoko bigarrenaren aurka jokatuko dutela finalerdietan, bikote «onena» sahiestuta. Urreistik eta Gorkak arazo gabe menperatu dituzte Javier Urrutia toledotarra eta Zabala. Erkiagak eta Atainek ere 2-0 irabazi dute, baina partida bestelakoa izan da. Aritzek eta Gorkak bikote hobea direlako irabazi dute, baina Txanikak eta Salegik oso ondo jokatu dute. Hobeagoaren aurka galtzea normala da, baina kantxan izan duten jarrera eta mailarekin, zaleen txaloak irabazi dituzte.
Partida serioa jokatu dute Julen Basterra «Txanika» hondarribiarrak eta Eñaut Salegi markinarrak. Aurre-kanporaketa fasetik sartuta, ezer ez dute galtzeko eta asko irabazteko. Gaur erakutsi dute biak direla pilotariak. Kantxako kokapenak eta pilota jaurtzeko intentzioak erakusten dute hori. Atain atzean boteretsuagoa izan arren, oso pelota zailak sartu ditu defentsan Salegik eta eskumaz pilota ondo jarri du. Txanika berriz, indar handiko mutila da eta bere ezaugarriak oso ondo aprobetxatu ditu. Lehen setean, aurretik izan dira markagailuan 11. kartoira arte.
Partida ostean Aritzek onartu du, Uni-ko efektuetara ohitzea oraindik kosta egiten zaiola. Pilotak ez du beste frontoietako efektua egiten eta ez doa, pilotariak uste duen lekura. Burutik betiko eskemak kendu eta Markinako erara egokitzea eskatzen du horrek. Tantuak jokatu ahala, Erkiaga bere posizioa zuzenduz joan da. Atainekin berba egin eta garaiz estali dute Salegik ikusten zuen zuloa. Hamaikana berdindu eta 12-11 jarri dira lehen aldiz irabazten. Frontisaren «eskapada» aprobetxatuta, horma-bikoak alboz bota ditu Ispasterkoak eta aurkariek bi huts egin dituzte momentu txarrenean. Hala ere, markagailua ondo estutu dute. Ahalegin guztiak egin dituzte sorpresa emateko eta 13-12koan, Salegik bere burua lurrera bota du, errebotetik txik-txak oso zail bat eramateko. Zestan sartzea ere oso zaila zen, baina markinarrak pilota frontisera eramatea lortu eta justu justu baina tanto egin du. Txalo zaparrada handiak jaso ditu, egindako ahalegina eta berezko abilidadea saritzeko. Marroien hamalaugarrena Aritzek egin du, txapa gainean moztuta baina berriz ere tanto batera jarri dira horiak (14-13). Baina hortxe geratu dira (15-13).
Bigarren setean ere maila ona erakutsi dute horiek, baina Erkiaga eta Atain gehiago izan dira. Aritz gero eta erosoago sentitu da kantxan eta inork egiten ez dituen tantuak oparitu dizkigu: errebotetik hormabikoa; bote-pronto eta bi pareta; errebotean aurkaria «zubira»… 15-10 bukatu da bigarren jokoa. Multzo honetako bigarren postua datorren ostiralean jokatuko da: Barandika-Ibarluzea vs Txanika-Salegi. Lehenengoak faborito dira baina…kontuz!
Gaurko lehen partidan, gauzak errez egin dituzte Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek. Erkiaga bezala, bezperan Mungian jokatzetik iritsi dira Uni-ra baina ez dute nekerik somatu. Mutrikuarra oso serio eta hutsik egin gabe aritu da eta Gorka ere sendo. Javierrek eta Zabalak opari gehiegi egin dituzte (15-6, 15-8) eta datorren astean beste aukera bat izango dute, Goitia eta Basqueren aurka. Oso zaila dute baina irabazten duena, finalerdietan izango da.





