Se abre en una pestaña nueva

Urreisti-Basque eta Elaia-Eneritz, Bilboko final handira!

30 de mayo de 2026

Kargatzen

Pronostikoak bete dira. Urreisti eta Basque Iron Cup-eko final handian izango dira baina uste baino gehiago sufritu dute, Gernikako bikotearen lehen set onaren erruz. Eñaut Astelarra gazteari aukera eman diote Bilbon eta oso ondo aprobetxatu du. Aurre-kanporaketa fasean bigarren geratu, Olharanen lesioagatik ordezko gisa sartu eta paper oso ona bete du 18 urteko gazteak, azterketa garrantzitsuak egiten diren moduan: aurkari oso gogorrak aurrean, frontoia goraino beteta eta telebistaren aurrean jokatuta. Gauza on asko erakutsi ditu: tenplea, seriotasuna, hanka oso oso bizkorrak, ausardia eta errebota ona errebesez. Ez noski, zesta-puntako lehen mailan, Iron Cupeko finala jokatzeko beste, baina bost partida hauetan lortu du helburua: bere potentziala erakustea. Lehenengo setean sufritu arren, irabaztea lortu dute faboritoek, eta jaun eta jabe izan dira bigarren jokoan, Urreistik bikotearen zama bizkar gainean hartuta. Ikusmin oso handia eragin du jada, Goitia eta Gorkaren aurka jokatuko duten final handiak.

Gogor, oso gogor hasi dira faboritoak 4-0 aurreratuz. Lehen bi tantuak Basquerenak (errebesez eta bi pareta), eta hurrengo biak Urreistirenak. 3-0-ekoa bikaina, dejada edo ñakua eginda. Baina gernikarrak piztu egin dira. Astelarrak bere hanka onei esker egin ditu bi tantu, errebotean beste bat eta Lekerikak laugarrena (4-4). Urreisti mutrikuarrak lau tantu egin ditu sake errestoan, baina gehiagotan sartu da aire. Kontua da, Astelarra barruko ñakuetara eta horma-bietara ere heldu egin dela. 8-6koaren ondoren bi huts egin ditu Urreistik (8-8) eta lehen aldiz aurretik jarri dira gernikarrak, Astelarrak sahietsez bi paret ederra botata. 8-9, 9-11, 11-12 eta 12-13 izan dira berdeak aurretik baina momentu garrantzitsuenean gogor eutsi die moreek, batez ere Urreistik.

Lan asko egin du defentsan, pilota zail asko sartu ditu (Lekerikaren erasoak neutralizatuz), atzera jeitsi da lanera eta 13-13 berdindu ondoren, eskumarekin apurtu du 14-13 aurretik jartzeko. Emozio itzela izan da kantxan eta beste horrenbeste harmailetan. Gernikarrek lagun asko izan dituzte animatzen eta azken tantuan aukera ona izan du Astelarrak. Pilota bat errebesez hartu eta nahikoa zuen Basque gainetik pasatzea. Baina Bidartekoak pilota aire sartea lortu du eta hor amaitu da seta (15-13).

Bigarren jokoan, behera egin dute berdeek, Astelarrak ere nekea somatu du eta nekearekin batera iritsi dira akatsak ere. Atsedenaldira arte eutsi diote nolabait (8-5) baina partida apurtzea lortu dute moreek. Bi apunte: Lehena, Urreistik 4-2koan bota duen horma-bikoa. Zazpigarren koadrotik, errebesez, oso ondo markatuta. Bigarrena, Astelarrak 6-3koan egin duen erreboteko tantu ederra. Erritmo oso bizian jokatutako partida izan da eta horren lekuko izan dira epaileak ere. Aurrekoak nahikoa izan du, Lekerikaren hormabiko bati izkin egiten. Erdiko epaileak berriz, lurrera bota behar izan du bere burua, bestela zulatuko zuen Urreistik sahietsez bota duen misilak. Guztiek bukatu dute onik, bai pilotariek eta baita epaileek ere.

Elaia eta Eneritz, final handira

Emakumeen txapelketan Elaia Gogenolak bere 3. Iron Cupa irabazteko aukera izango du datorren barikuan. Berriatuko aurrelaria bikain moldatzen da Bilbon, bertan jokatutako partida guztiak irabazi ditu hiru edizio hauetan. Ihart Arakistainekin irabazi zuen lehen txapela eta Frida Watkinsekin bigarrena. Aurtengoan Eneritz Lizardirekin lortu nahi du txapela, eta partidari buelta ematea lortu dute gaurkoan Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabalen aurka. Bi setetan joan dira atzetik, baina bietan lortu dute irabaztea.

Lehenengo jokoan, 8-6 joan dira atzetik atsedenaldira baina 8.a eta 9.a egin ondoren, aurretik jarri dira hamargarren kartoian. 11 eta 9koan sahietsez sartu eta tantu ona egin du Gogenolak txokoan; Maialenen hormabiko bat sartu eta atzean egin du hurrengoa (13-9). Maitek errebote on batekin aldea murriztu du baina moreentzat izan da lehen seta (15-9).

Bigarren jokoan oso oso berdindua joan da set guztia. Hamabi berdinketa izan dira: 1-1, 2-2, 3-3, 4-4, 5-5, 6-6, 9-9, 10-10, 11-11, 12-12, 13-13 eta 14-14. Elaia eta Eneritz aurretik jarri dira tantu faltan eta Mutrikuko atzelariak berak egin du 14.ea. Partida hasieran huts batzuk egin arren, partida serioa egin du, denbora luzez lesionatuta egon den gipuzkoarrak. Maialen Aldazabalek azken berdinketa behartu du, eskuinez pilota ondo jarrita eta hamalaunakoan, Eneritzek bote laster pilota zaila sartu eta ondoren Elaia Gogenolak egin du tanto errebotean. Jaiki handia eman du pilotak eta sarera joan da zuzenean. Ezin izan dute ezer egin Maitek eta Maialenek.

Final handian, Ihart Arakistain eta Arai Lejardi izango dituzte aurkari. Lehenengoa Bilbon txapela jantzitako da eta Lejardik mina egin dezake eskuinez.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen