Alex Goitiandia Goiogana edo Gorka Mugartegi Solozabal. Bi markinar hauetako bat Bilboko final handian izango da, ekainaren 5-eko zita handian. 25 eta 22 urterekin, Goitia eta Atain dira Markina-Xemeingo pilota belaunaldi berriaren bi adierazle nagusiak. Lehenengoa «eginago» dago, bizpahiru urte daramatzalako onenekin jokatzen, nahiz eta azken urte honetan eman duen benetako aurrerapausua. Atainen kasuan, urrian hasi zuen Jai Alai Leagueko ibilbidea eta maila ona eman du Durangon edo Bilboko Deportivon jokatutako partidetan. Ezkurdin txapela jantzi zuen Erkiagarekin eta Iron Cup-ean oso seguru eta indartsu agertu da, Johan Sorozabalekin.
Bi markinarrek Sorozabal anaien laguntza izango dute, final handira sailaktzeko ahaleginean. Anaia nagusiarekin, Gorkarekin Goitiak eta gaztearekin, Johanekin Atainek. 24 eta 25 urte dituzte biarriztarrek. Atainen kasuan, atzelari bizkaitarra Iparraldeko aurre-kanporaketak jokatzen ere ari da Ibarluzea bere herrikidearekin batera, udako txapelketa handietarako sailkatzeko bidean.
Bilboko bigarren finalerdia hilaren 29an jokatuko dute Urreisti-Basque eta Astelarra-Lekerika bikoteek. Lehenengoak faborito argiak dira, bikote gernikarraren aurrean.

Emakumeen finalerdia
Emakumeen Jai Alai League-an, Bilbokoa denboraldiko seigarren txapelketa da. Final laurdenetan galdu egin zuten Erika-Maia eta Helena-Frida bikoteek, Ihart-Arai eta Elaia-Eneritz bikoteen aurka. Finalerdietan zuzenean sartuko dira lehian Lur-Oaia eta Ihart-Arai bikoteak.
Orain arteko hiru jardunaldietan, goraino bete da Deportivo pilotalekua eta beste horrenbeste espero da falta diren beste hiru jaialdietan ere.





