Se abre en una pestaña nueva

Urreisti eta Basque, oso nagusi Bilboko gau distiratsuan

4 de mayo de 2026

* Erkiaga eta Manci jokoz kanpo utzi dituzte (9-15, 5-15) eta arrosek ez dute egun ona izan.

* Johan eta Atain, 2-0 nagusi (15-10, 15-12) Libois-Ibarluzearen aurka, partida berdindu batean.

* Zesta gosez eta frontoia goraino beteta hartu ditu pilotariak Bilboko Deportivo frontoi historikoak.

Eñaut Urreistik ezin hobeto estreinatu du Ligan eskuratu berri duen lidertza eta konfiantzaz eta jokoz gainezka iritsiko da, Berriatuan gaur duen Banakako Final Nagusira (Mendibarren, 20:00h, Laduche vs Urreisti). Atzoko garaipenarekin oso bideratuta utzi dute Bilboko Iron Cupeko finalerdietara sailkapena eta gauzak oso oso zail dituzte Erkiagak eta Mancik. 14 tantu soilik eginda, konfiantza eta joku maila berreskuratzen hastea izan behar da euren lehentasuna, eta txapelketako tantu bakoitzagatik gogor borrokatzea. Bi asteko atsedena dute, Bilbon berriz jokatu arte.

Bilbo, Bilbo da. Eta Iron Cupa, bertako txapelketa izarra. Benetako izarrek merezi duten moduan aurkeztu zituzten atzo aurtengo edizioan parte hartuko duten gizon-emakumeak: Erkiaga-Manci, Urreisti-Basque, Elaia-Eneritz, Maite-Maialen, Goitia-Gorka, Libois-Ibarluzea, Olharan-Lekerika, Lur-Oaia, Ihart-Arai eta Johan-Atain. Alfonbra gorria eta musika banda sarreran, argi eta musika ikuskizuna barruan, Euskal Telebistako kamerak ere bertan eta harmailak goraino beteta. Maiatzaren 1-eko jai egunak eta zubiak, ez du eraginik izan jendearen erantzunean. Zesta-gogoz dago Bilboko publikoa eta ostiraletan Deportivora joatea, plan bat da. Plan on bat.

Eñaut Urreisti eta Thibalt Basque konfiantzaz gainezka daude. Bikote ona egiten dute eta asteartean Donibanen irabazitako azken txapelak, indar gehiagorekin eraman ditu Bilboko hitzordu handira. Baina atzokoan erraztasun gehiegi eman dizkie, bai Erkiagak eta baita Mancik ere. Mutrikuko atzelaria lesio batetik dator, All Star-ean ere ez zuen izan zorterik (Olharan bikotekidea lesionatuta) eta partida zaila izan da atzokoa ere. Basque aurkariak min asko egin du eskumaz, aurkariak lekuz kanpo utziz, eta nahi baino huts gehiago egin dituzte arrosek. 2-2 hasi da partidua baina berehala egin dute ihes Urreistik eta Basquek. Piloteoan askoz seguruago jokatu dute, eta ezin izan diote Eñauten eta Thibault-en joko erauntsiari eutsi. Eñauten horma biko eder batekin heldu dira atsedenaldira (2-8) eta zazpi tantuko aldea ere izan dute (5-12). Arrosek seta zertxobait itxuratzea lortu dute azkenik (9-15). Lehenengo seteko tantu bakarra, txokoan egin zuen Aritzek.

Bigarrenean, are eta errezago aritu ziren moreak 10 tantuko aldeagatik irabazita. 1-3koa errebotez egin zuen Eñautek; 2-4koa zabalean apurtuta Erkiagak; 3-5ekoa tantu luzea izan zen, azkenean Basquek bote-laster errebesez sartu eta txulara bikain botata; eta partida Eñautek amaitu zuen: lehenbizi pilota txulara, gero aurrean bilatu eta barruan goxo goxu utzita.

Jaialdiko lehenbizikoa, askoz orekatuagoa izan zen. Hasieran huts batzuk egin zituen Atainek eta 5-1 aurreratu ziren Libois, «Belgikako Printzea» eta Ibarluzea. Horiek partida berdintzea lortu eta azken txanpan euren nagusitasuna erakutsi zuten (10-15). Bigarrena ere parekatua, baina 12-15, garaipena eta lau puntu horientzat. Johanek zabalean dotore amaitu zuen partida. Norgehiagoka ona jokatu zuten galtzaileek ere eta 2-0 galdu arren, markagailua ez da txarra.

Atzoko irabazleek, Goitia-Gorka eta Olharan-Lekerika izango dituzte datorren astean aurkari.

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen