Se abre en una pestaña nueva

Lopez, betirako txapeldun!

14 de abril de 2026

Zumaiako herria, pilota mundua, hainbeste urtetan Imanolen ibilbidea (kantxan eta hortik kanpo) gertutik jarraitu duten pertsonak, eta «Los Tenampas» taldeko mariatxiak. Ezin hobeto, ezin egokiago agurtu da frontoietatik Imanol Lopez pilotari handia. Partida bukatu bezain laster, xistera eskutik askatu, erraminta lurrera bota eta publikoa seinalatu du. «Zuek, zuek» esanez bezala. Zesta-puntan denetariko garaiak bizi izan ditu Imanolek eta beretzat perfektua izan da mende laurdeneko ibilbidea horrela bukatzea. Zesta egoera onean, Zumaia hainbeste urtetan aldarrikatu zuen frontoi ederrarekin eta goraino beteta gainera. Herriko zesta-eskola umez beteta, erreleboa bermatuta… lasai eta esku honetan utzi du Imanolek Jai Alaia.

Finalari buruz zer? 10-0 hasi ondoren partidak itxura tristea hartu duela, harik eta Olharan eta Lekerika iratzartu eta gauzak benetan gogor jarri dituzten arte. Nola! 14-12 ere urreratu dira eta Erkiagak eta Lopezek ezin seta bukatu. Baina bai, azkenean Ispasterkoaren errebeskada batek 15.a jarri du markagailuan, eta lasaitasuna eman dio bikote beteranoari. Bigarren jokoa 15-10 irabazi dute marroiek, baina Olharanek eta Lekerikak ohorezko agurra eman diote Lopezi. Izerdia botaraziz eta kantxan ikuskizun ederra eskeiniz.

Emakumeetan, Elaia Gogenola eta Frida Watkins izan dira garaile 15-9, 11-15 eta 5-2 Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabalen aurka. Denboraldiko bigarren txapela da Frida zumaiarrarentzat, Euskotren Winter Seriesaren ondotik. Jokatu dituen hiru Masterretatik bi irabazi ditu eta azpitxapeldun izan da hirugarrenean.

Gaurkoa festa handi bat izan da zesta-puntarentzat. Kirol eder honetaz gozatzen jarraitzeko eskatu die Lopezek zale guztiei eta zesta-punta babesteko. Ondoren Jose Alfredo Jimenez abeslari handiaren «El Rey» ezaguna abestu du «Los Tenampas» taldearen akordeekin. Harmailetatik kantxara egin dute salto zaleek eta luzaro geratu dira bertan, Mexikoko doinu ederrak zuzenean entzun eta Lopez handiarekin argazkiak atereaz.

Zumaiako Master Seriesaren ondoren, horrela geratu da Ligako rankinga:

🏆 JAI ALAI LEAGUE-GIZONEZKOAK

1- Lekerika 6790 pt
2- Erkiaga 6600 pt
3- Johan 5830 pt
4- Urreisti 5820 pt
5- Lopez 5570 pt
6- Gorka 4690 pt
7- Barandika 3860 pt
8- Basque 3800 pt
9- Goitia 3750 pt
10- Ibarluzea 2730 pt

🏆 JAI ALAI LEAGUE-EMAKUMEAK

1- Frida 2600 pt
2- Lur 2180 pt
3- Elaia 1720 pt
4- Ihart 1560 pt
5- Oaia 1540 pt
6- Erika 1360 pt
«- Maia 1360 pt
8- Helena 1320 pt
9- Arai 1200 pt
10- Maialen 1140 pt

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen