Berriatua Master Series-Jai Alai League
. Abenduak 26, 20:00tan
ERIKA-ALIZE vs IHART-ARAI
ERKIAGA-ARATZ vs GOITIA-DEL RIO
. Urtarrilak 2, 20:00tan
ELAIA-ENERITZ vs LUR-MAIA
URREISTI-LEKERIKA vs BARANDIKA-ZABALA
. Urtarrilak 9, 20:00tan. FINALAK
Gaur hasiko da emakumeen Jai Alai League-a. Bere bigarren edizioan, aurrekoan baino pilotari eta txapelketa gehiago izango ditu Ligak, eta emakume guztien helburua, Donostiako Final Four-era sailkatu eta «Urrezko Gerrikoa» irabaztea izango da. Aurten, denboraldi osoan, Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxeak jantziko duten gerrikoa hain zuzen ere. Biak dira berriatuarrak eta Sorozabal eta Arairen aurka jokatuta lortu zuten urteko txapel nagusia irabaztea.
Berriatuko Mendibarren pilotalekua, ezin frontoi aproposagoa da emakumeen zesta-puntarako. 46’8 metrorekin, erreferentziazko kantxa bihurtu da emakumeen zesta-puntarako. Ihart Arakistain eta Arai Lejardi izan ziren iaz, Berriatuan txapeldun. Aurten ere bikote hori mantentzea erabaki du antolakuntzak eta ostiraleko lehen finalerdian, Erika Mugartegi eta Alize Arriagaren aurka jokatuko dute.
Datorren astean sartuko dira jokoan, Ligako egungo bi txapeldunak. Elaia Gogenolak Eneritz Lizardirekin jokatuko du, eta Maia Goikoetxeak, Lur Lejardirekin. Final handia, urtarrilaren 9an jokatuko da. Beraz, hiru ostiralez jarraian, emakumeen zesta-puntaren hiriburu bihurtuko da Berriatua.
Erkiaga eta Goitia, elkarren aurka
Gizonezkoetan, estreineko aldiz Ligarako puntuagarria izango da Berriatuko Master Seriesa. Jai Alai League denboraldiko 4. proba honetan, Aritz Erkiaga eta Alex Goitia izango ditugu, aurrez aurre, lehenengo finalerdikoan. Iaz Ortzi Aldazabal Argoitia-rekin irabazi zuen txapela Aritzek eta aurten, herriko beste gazte bat izango du atzean lagun. Aratz Goikoetxea, hain zuzen ere. Goitiaren kasuan, Julen Del Rio atzelari indartsuaren laguntza izango du Markina-Xemeingoak.
Lau eguneko epean, bi bider jokatuko dute elkarren kontra Erkiagak eta Goitiak. Ostiralean Berriatuan, eta astelehenean Gernikan (18:00h). Eusko Label Winter Serieseko lehen faseko azken jardunaldia izango da: Goitia-Lekerika vs Erkiaga-Ibarluzea. A multzoan finalerdiak erabakita daudenez, ohorea izango dute jokoan.
Berriatuko bigarren finalerdian, Urreisti-Lekerika eta Barandika-Zabala izango dira aurrez aurre. Barandika da egungo Ligako txapelduna eta dagoeneko, bi txapel jantzi ditu denboraldi honetan: bata Durangoko Mastersean eta bestea, Paueko «Cesta de Nadau»-n.





