* Erkiagak eta Lekerikak duela lau urte lortutako txapela berritu dute eta Jai Alai Leaguerako beste 2.720 puntu eskuratu dituzte.
* Barandikak eta Gorkak asko estutu dute finala baina momentu klabeetan ez dute asmatu.
* Gaurko txapeldunek, Donibane Lohizune, Biarritz eta Paueko Slamak jokatuko dituzte, astelehenetik aurrera.
* Finalaren aurreko kiniela Javier Urrutia eta Oier Diaz-ek irabazi dute.
* Giro itzela eta frontoia gainezka, abanikoak eta San Roketako kamiseta zuriak izan dira publikoan nagusi.
Aritz Erkiagak eta Unai Lekerikabeaskoak irabazi dute Gernikako Grand Slamaren 9.a edizioa. Bikote moduan txapel hau eskuratzen duten bigarren aldia da, 2021ean ere garaipena lortu baitzuten. Orduan ere Barandikaren aurka, honek atzean Lopez lagun zuela. Gaurkoan partida ona jokatu dute Barandikak eta Gorkak. Final estua izan da. Gernikarrak sahietsetik erremate onak egin ditu, eta Gorkak atzean indartsu eutsi. Baina set bakoitzeko momentu erabakigarrietan Erkiaga eta Lekerika izan dira nagusi eta merezitako txapela lortu dute. Ez txapela bakarrik. Liga erregularra azken txanpan dago eta irabazleek 2.720 puntu eskuratu dituzte. Barandikak eta Gorka bigarrenek 1.920 pt eta finalerdiak galdu zituzten bi bikoteek (Laduche-Lopez, Olharan-Basque) 1.290 pt. Hiru txapelketa geratzen dira soilik Final Four-a jokatzeko eta azken unera arte borrokan jarraitzen dute puntistek.
Finalari dagokionez, partida aldeko hasi dute Erkiagak eta Lekerikak. 3-1 eta 4-2 jarri dira aurretik. Barandikak eta Gorkak 4-4 berdindu dute baina atsedenaldirako 8-4 ziren berriz ere aurretik Aritz eta Unai, Ispasterkoak bi errebote bikain sartu eta gero. Nahi duena egiten du: batzuetan indarrez, beste batzuetan suabe suabe, aurkariak «zubian» utzita. Kontrol itzela dauka jokaldu horretan. Barandikak ostera, arazoak izan ditu sakerarekin eta Erkiaga askotan sartu zaio, tantua aurrean bukatuz. Hori izan da partidako gakoetako bat.
Baina sakeko zailtasunak kenduta, partida ona jokatu du aurrelari gernikarrak, batez ere lehengo setaren amaieran. Sahietseko posturan errematatzen hasi da, barruan gehienetan. Errebotean ere «zubian» utzi du Lekerika eta eskumaz barruan goxo goxo egin du beste tantu bat eta 12-9koan, Erkiagak horma biko bikaina bota, eta saretik bertatik, Barandikak nola hala eraman eta hormabikoa bota du. Garbi egin du jokaldia, tantua lortuz. Gernikarra bera, sare-artean harrapatuta geratu da, lurrean erdi-etzanda. Baina 13-12koan, partidaren une erabakigarrian, esku-eskuko pilota huts egin du Xabik. Uztaia jo dio, eskumaz sartzera joan denean (14-12) eta seta aurkarientzat izan da (15-12).
Bigarren jokoan, markagailuan aurretik hasi dira horiak (0-1, 1-2, 2-4, 4-5 eta 5-6) baina seinakoaren ondoren, Erkiagak eta Lekerikak hartu dute agintea. Horien estrategia pilota motela ateratzea izan da, Lekerika atzean dominatuta izateko. Pilotak hankan ere jo dio Barandikari (9-7) baina hasierako mina gainditu ostean, normal jarraitu du jokoan. Setaren erdia igarota, bi huts egin ditu Gorkak. Bat, eskumaz zabalera goitik-behera (kontrakantxara) eta bestea, pilota zaila sartu, hormabikoa bota baina aurkarien eskuetara (11-8). Hala ere, lortu dute bi tantura urreratzea (11-9, 12-10) baina ezinezkoa izan da harrapatzea.
Ikustekoa izan da eta, Erkiagak zale guztiei oparitu dien harribitxia: pilota errebotean gainera etorri zaio, zortzi koadrotik, kantxa kantxa erdian, oso behartuta, baina errebotean bi paret izugarria bota du Aritzek, jendea jarrilekutik altxaraziz (13-10). Horiek azkenera arte borrokatu dute, baina gaurkoan ezinezkoa izan da (15-12). Barandika aho zapore gazi-gozoarekin geratu da, etxean txapela irabaztea falta baitzaio. Gaur bere zale guztiak zapi horiak jantzita joan dira frontoira, «Barandika 42» izenak jarrita.
Finalaren aurreko kiniela Javier Urrutia eta Oier Diaz-ek irabazi dute, 20 tantu lortuta. Bigarren geratu dira Urko Lekerika eta Iñigo Unda. Azken honen joko eta ikuskuzunak, gora-gora jarri du Gernikako publikoa. Batzutan asmatu, bestetan huts baina plazagizon konpletoa. 3. postuan Astelarra eta Urrutxua geratu dira.
Jai Alai League-a amaitzen ari da
Iazko urrian hasi zen Jai Alai League-a azken txanpan da jada. Erkiagak eta Lekerika, bakoitzak 2.720 puntu eskuratu dituzte eta rankingean sendo jarraitzen dute Erkiagak lehenen (16.700 pt) eta Lekerika, atzelarietan hirugarren (11.280 pt).
Kasualitatez gainera, bi bizkaitarrek bikotea osatuko dute oraindik jokatzeko geratzen diren hiru Slametan: Biarritzeko Urrezko Xistera, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak eta Paueko Kopa. Hauek bukatutakon jokatuko da Donostiako Final Four-a, Ligako txapeldunak erabakitzeko.





