Se abre en una pestaña nueva

Goitia eta Lopez txapeldun, Urreisti ligako lider berria!

14 de julio de 2025

Kargatzen

Emozio handiko momentua izan da. «Atxitxa» Tomas Goyoganak jarri dio Alex Goitiandia ilobari Markina-Xemeingo Grand Slameko txapel handia, «Uni»-a bete duten zaleak tente jarrita. Garaipen oso garrantzitsua lortu du gaur Alex Goitiak. Bere ibilbideko handiena. Jai Alai Leagueko txapelketa batean, onenen aurka indarrak neurtuz. Imanol Lopez beteranoa izan du bidelagun eta txapela irabazteko lehian ziren Urreisti-Basque, Erkiaga-Ibarluzea, Johan-Zabala, Laduche-Lekerika eta Goixerri-Manci. Izen handiak, izen handiko frontoi batean. Hori da 24 urteko aurrelari markinarrak behar zuena, mahaian kolpe bat eman eta horien artean jokatzeko maila duela erakusteko. Tandem bikaina egin dute Imanolek eta biek eta urtebeteko epean, Goitiaren eboluzioa, oso nabarmena izan da.

2025eko Grand Slam hau txapelketa bikaina izan da markinarrentzat. Laugarren edizioa eta orain arteko arrakastatsuena. Publikoaren erantzunak orain arteko markak gainditu ditu. Finalerako sarrerak ia astebete aurretik agortu dira. Herriko mutilak irabazi du txapel handia. Eta oraindik Karmen Eguna falta da. Urtetik urtera, txapelketaren maila igoz eta iraupena luzatuz.

Finalari dagokionez, denetatik izan du. Alde batetik emozioa. Bi setetan izan da 14nako berdinketa. Aurreko koadroetan, bi aurrelari gazte eta elektrikoren norgehiagoka bizia. Ikusgarria. Atzean, Basque sasoiko indartsua, Lopez «mariskalaren» aurka. Zumaiarra beti dago bere lekuan. Atzera doazen pilota zailenak, bikain eramaten ditu errebotean, aukariari, azkenean, huts egitera behartuz. Goitiari sakera sartzea izan da Urreistiren erabakia. Hala egin du lehen sakean bertan, bere intentzioak agertuz. Bana, bina eta zortzina egin dute. Lehen seteko bigarren erdian ikusi ditugu partidako tantorik onenak. Joko bizi eta elektrikoa, Goitiak eskumarekin goiti behera egindako tantuak, Urreistik bote pronto sartu eta txokoan egindakoa, edota errebotean, zuzenean zablera bota duena. Partidako tanturik onena (12-11, marroien alde). Goitiak hormabiko batekin erantzun dio (12-12). Markinarra ez da gorputzez handia, baina besoan nerbio handia dauka. Pilotari oso bizi ematen dio eta min egin du, batez ere eskumaz. 14-12 jarri dira Eñaut eta Basque aurretik, baina ezin jokoa itxi. 14-14 berdindu eta gero, Goitia bera izan da, errebotean 14-15ekoa egin duena.

Bigarren jokoan 2-2, 5-5 eta 7-7 berdindu dute. 8-7koa tanto oso gogorra eta ona izan da. Azkenean, Urreistik zabalean txikitu eta Goitia «atropellatu» egin du. 8-8 eta 10-10 berdindu ondoren, horiek aurrerapausua eman dute 10-12 eta 12-14 aurreratuz. Baina Urreistik eta Basquek ez dute amore eman. Lehenbizi, txula-ra bota du pilota mutrikuarrak eta onodren, hormabikoa egin du eskubiz. 14-14 berriz ere. Desenpaterik ote? Ez da halakorik izan. Tentsio beteko tantuan, Imanol Lopez izan da, errebesez, pilota atzeko zuloan jarri duena. Iazko txapelduna, aurten ere «Uni»-an garaile, baina oraingoan Alex Goitiarekin. Txapelketa hau iritsi arte, heldu gabe zegoen pilotari batekin. Ezaugarri onak izan ditu, bai. Pilotan jokatzeko berezkoa ere bai. Baina kontzentrazioa eta konstantzia falta izan ditu orain arte. Lopez zumaiarrak, bikain bete du beterano papera eta Alexi bere jokorik onena ateratzen lagundu dio. Lopezekin ikastitako lezioa, beste atzelariekin praktikara eramatea, horixa da maila gorenean jokatzeko, Goitiak bete beharko duena. Zorionak Alex!

* Karmen Egunean, errebantxa

Uztailaren 16an Karmen Eguna da Markina-Xemeinen eta Jai Alai Leaguetik kanpoko jaialdia antolatu dute 18:00tatik aurrera. Lehenbizi, emakumeen finala: Helena-Arai vs Erika-Oaia. Ondoren, gizonezkoen errebantxa: Goitia-Lopez vs Urreisti-Basque. Eta azkenik, Markina-Mutriku desafioa: Arbe-Zabala vs Goixerri-Manci.

* Gernikako aurkezpena

Horren aurretik, bihar, astelehenez, Gernikako Grand Slama aurkeztuko da. Bertan ez da Alex Goitia izango. Aurre kanporaketa fasean kalean geratu da, hain zuzen ere, Eñaut Urreistiren kontra jokatuta (Goitia-Ibarluzea vs Urreisti-Manci). Hala ere, Mutrikun elkarren aurka jokatuko dute bi aurrelari gazteek, datorren ostiralean.

* URREISTI, LIGAKO LIDER BERRIA

Markina-Xemeinen galdu arren, Jai Alai League-ko lidergoa hartu du berriz ere Eñaut Urreisti mutrikuarrak, Aritz Erkiagarekin duen borroka estuan. Guztien helburua, Donostiako Final Four-era sailkatzea da (irailean).

Txapelketak

Guztiak ikusi
Kargatzen